Iurretako Kirol Klubak eta Urrekolarrako Futbol Klubak joan zen astean hedabideetara bidalitako informazioa argitu gura izan dute. "Lehenik eta behin, barkamena eskatu nahi diegu udalari eta bertako langileei; izan ere, jakinarazitako puntu batzuk ez dira zuzenak, eta beti egon dira prest Larrakozelaiko kirol-instalazioen erabilerari dagokionez sortzen ari diren arazoak konpontzeko", azaldu dute.
Bestalde, kirol klubek Larrakozelaiko instalazioen jarraipen batzordearen bitartez lanean jarraitzeko eta elkarlanean aritzeko prest daudela adierazi dute: "Batzorde horretan ohiko klub erabiltzaile guztiak daude ordezkatuta, baita udal honetako alderdi politiko guztiak ere, azkenaldian aurre egin behar diegun arazoei aurre egiteko", azaldu dute kirol klubek.
Azkenik, Larrakozelain aspalditik jasaten ari diren bandalismo-ekintzak salatu eta gaitzetsi dituzte, "instalazio horiek erabiltzen ditugun klubei zuzenean eragiten baitigute, bizikidetzaren eta futbola bezalako kirol baten bidez transmititu nahi ditugun balioen aurka doazelako".