Iurretakok futbol zelaiko instalazioen kontrako sabotajea salatu du

E.H. 2026ko urtarrilaren 7a

Ezezagunek bulegoko leihoetako bat apurtu dute su-itzalgailua erabilita, eta tabernako pertsiana "behartu". Zuzendaritzak dio hau ez dela gertakari isolatua izan. Udalari eskatu diote instalazioen "zaintza eraginkorra" egiteko.

Iurretako kirol klubak jakinarazi duenez, ezezagunek "sabotaje ekintza berri bat" egin dute Larrakozelain. Futbol zelaiko bulegoko kristaletako bat apurtuta agertu da, instalazio bereko su-itzalgailua erabilita. Tabernako pertsianetako bat ere "behartuta" agertu da. "Zorionez, ez da ezer lapurtu", jakinarazi du zuzentzaritza batzordeak. 

Instalazioen kontrako ekintzak ez dira berriak, azken boladan hainbat kalte jasan dituzte-eta futbol zelaian. Ezezagunek metro koadro bat belar artifizial kendu zuten zelaitik. Azaroaren 1ean, ateetako sare bat moztu eta zelaiaren erdian utzi zuten. Hori dela eta, zuzendaritzako kideen esanetan, gertakariak ez dira "isolatuak" eta "ezin dira alde batera utzi". Alde horretatik,  Iurretako Udala deitu dute zelaian jarduerarik ez dagoen ordutegian "zaintza eraginkorra" egitera, "udaletxean, liburutegian eta gainerako udal-eraikin edo instalazioetan" egiten den bezala.

Halaber, Iurretakok esan du azaroaren 5ean idatzizko eskaera bat aurkeztu ziola udalari "bideozaintza sistema bat instalatzeko" eta "erantzunkizunak argitzeko". Alabaina, "udaleko langileengandik zein gobernu-taldea osatzen duten alderdi politiko guztien aldetik" ez dute "inolako erantzunik jaso".

Azken egunotako gertakariei dagokienez, Udaltzaingoa bertaratu dela, argazkiak atera dituela eta dagokion salaketa-akta egin dutela jakinarazi du klubak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!