Iurretako aurrekontuak EAJren eta PSE-ren aldeko botoekin onartu dira. EH Bilduk kontra bozkatu du eta ohar batean ezezko horren arrazoiak eman ditu . Aurrekontuek EH Bilduren proposamen bat barneratu duten arren -30.000 euro Maiztegi eskolako lanetarako- oro har, "anbizio gabeko" aurrekontuak direla diote. "Aurrekontua kontinuista da eta %2,22 haziko da bakarrik, inguruko udaletako igoeretatik urrun: Abadiñon 7,15; Berrizen 9,2; Durangon 5,5; Elorrion 9,08; Mallabian 22,6; Zaldibarren 7,03; Zornotzan 6,36". Horrez gainera, aurrekontuaren igoera "Bizkaiko KPI indizearen (3,4) behetik ezarri duen Durangaldeko udalerri bakarra" dela salatu dute. "Horrek esan nahi du, eros-ahalmenean galera izango duela udalak".
EH Bilduren ustez, "Iurretako herriak anbizio handiagoko aurrekontua merezi du, udaleko diru sarrerak handituz herrian aukera eta proiektu berriak sortzeko". Aurrera begira "elkarlanerako prest" daudela adierazi dute, "aldaketa txikiak eginez, gauza handiak lortzen direla" sinesten dutelako.