[GUTUNA]: Akordatzen naiz

Ane Ortuondo Bikandi 2025ko urr. 30a, 11:22

Ane Ortuondo Bikandi Maiztegi Herri Eskolako ikasle ohiak iritzi testua idatzi du Maiztegiko patioaren egoeraren harira: 

"Akordatzen naiz amestu genuela,
liburu zahar baten orrialdeetan bezain bizi.
Akordatzen naiz herri txiki handi bateko haizeak ekartzen zuela ametsa,
eta guk, komunitate osoak, elkarrekin eutsi genion haize ametsari.
Akordatzen naiz ikasleen begiradak distiratsu zirenean,
etorkizuna marrazten zuten begi txiki haietan.
Akordatzen naiz eskola herria zela,
eta herria eskola.

Akordatzen naiz gure istorioa historian herritik eta herriarentzat.
Akordatzen naiz horma eta mugarik gabeko ametsez.
Akordatzen naiz komunitatea ginela, herria ginela, denak ginela.
Akordatzen naiz gure herriko txikiek duintasun eta maitasunetik eraikitako jolastokian jolastuko zutela zin egin zigutenean.
Akordatzen naiz aukera berdintasunaz hitz egiten genuenean,
eta hitzak ez zirela soilik hitzak,
baizik eta eguneroko keinuak:
eskua luzatzea, elkar entzutea,
elkarrekin eraikitzea...
Akordatzen naiz inklusio hitza gure patioan jaio zenean, haurren barreak nahasten zirenean,
nork bere modura, baina elkarrekin.
Akordatzen naiz amets hori gure herriaren bihotzean sustraitu zela,
eta gaur, berriro, gogoratu nahi dudala.

Zeren akordatzen garenean,
ez gara iraganera itzultzen soilik; etorkizuna ere berridazten dugu. Eta orrialde berri horretan,
gure herriko eskolak
idazten jarraituko du.

Eta guk... egingo dugu!"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!