Iurretako jaiak 2025

Sanmigelek Iurretako Zirkua ekarriko dute bihar

Aitziber Basauri 2025ko urr. 3a, 12:00

Iaz Oktoberfest jaialdia irudikatu zuten Iurretan.

Iurretarrak sanmigeletako azken txanpan sartuko dira asteburuan. Mozorro eguna baliatuta, Iurretako Zirkua ikusteko aukera egongo da zapatuan. Jai batzordeak bertso jaialdia, tortilla txapelketa eta umeentzako jolasak antolatu ditu, besteak beste, gaurko. 

Jaietako lehenengo asteburua pasatuta, iurretarrak sanmigeletako azken txanpan sartuko dira gaur. Indarra berreskuratu ondoren, berriro ere jai giroaz gozatzeko aukera izango dute domekara bitartean. Mozorro eguna baliatuta, Iurretako Zirkua izango dute herrian, zapatuan. Jai batzordeak herriko kuadrillak abesti bat aukeratu eta zirku-ikuskizun bat prestatzera gonbidatu ditu, lehenengoz. Bada, erronkari heldu diotenek euren lanaren azken emaitza erakusteko aukera izango dute. Marmitako txapelketak, herri bazkariak eta Luhartz taldearen erromeriak borobilduko dute eguna.

Hala ere, gaurko egunez ere egongo da zer gozatu. Umeentzako jolasak eta tortilla txapelketa antolatu dituzte. Alarma Moreak joko du Askondon, eta frontoiak bertso jaialdia hartuko du. Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga arituko dira kantuan. Gau giroa Oilar Baltzak taldeak, Malakias MX3k eta DJ Rekalek berotuko dute. Domekan, nekazaritza eta artisautza azoka, harrijasotzaile gazteen saioa eta dantzariak egongo dira, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!