Jaietako argazki bereziak saritzeko lehiaketa

Anboto 2025ko ira. 26a, 08:19

Iurretako Jai Batzordeak, ANBOTOgaz elkarlanean, jaietako argazki lehiaketa antolatu du, lehenengoz. Herriko jaietako argazkirik berezienak aukeratzeko lehiaketa izango da eta bertan parte hartu gura dutenek www.anboto.org atarian ipini beharko dituzte argazkiak, lehiaketarako beren-beregi sorturiko atal berezian. 

Jai batzordeko kideek jakinarazi dutenez, argazki lehiaketak sari bi izango ditu. Bata epaimahai batek erabakiko du, eta bestea publikoak, botoen bitartez. Hauek dira sariak: Larrinagatxu jatetxean lagun birentzako menu berezia eta Ikuspegi jatetxean lagun birentzako eguneko menua. 

Oinarriei dagokienez, parte hartzaileek honako hauek kontuan hartu behar dituzte: argazkiak 2025eko irailaren 28tik urriaren 5era bitartean ateratakoak izan beharko dira, parte hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkeztu ditzake gehienez, mezu iraingarriak dituzten eta genero ikuspegia errespetatzen ez dituzten argazkiak ez dira onartuko, eta inteligentzia artifizialagaz egindako argazkiak ere baztertu egingo dira.

Epeak
Jaietako argazki lehiaketan parte hartzeko epea 2025eko irailaren 28tik urriaren 9ra artekoa izango da. Denbora tarte horretan, parte hartzaileek www.anboto.org webgunean ipini beharko dituzte argazkiak. 

Webgune bidezko bozketa hurrengo egunean hasiko da, urriaren 10ean. Eta herritarrek urriaren 16ra bitartean aukeratu ahal izango dute euren argazkirik gustukoena, haren alde botoa emanda. 

Jaietako lehenengo argazki lehiaketa honetako irabazleen berri urriaren 17an emango dute, www.anboto.org atariaren bitartez. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!