Iurretako jaiak 2025

"Kolorea oso presente dago nire lanetan, beti"

Aritz Maldonado 2025ko ira. 24a, 14:44

Saioa Aginako ilustratzaile gasteiztarraren irudiak iragarriko ditu Iurretako aurtengo San Migel jaiak. Irudi koloretsu bat proposatu du, bere estiloagaz lerratua, plaza koloretsu eta jendetsu bat irudikatzen duena. Aginakok 2021ean ekin zion ilustratzaile ibilbideari, eta teknika tradizionalak eta digitalak uztartzen ditu. Besteak beste, 2024an Mazoka marrazki azokaren beka jaso zuen, eta aurtengo Gasteizko Inauterietako kartela egin du. 

Oraintsu, bere lanetariko bat 16. Catálogo Iberoamérica Ilustra-rako aukeratu dute. Hemeretzi herrialdetako 682 ilustratzailek parte hartu dute bertan, eta gasteiztarraren lanak aipamen berezia jaso du erakusten duen "sentsibilitate estetiko eta indar narratiboagaitik". Saioa Aginako gasteiztarraren lanaz gainera, María José de Telleriaren (Argentina), Paula Bustamanteren (Txile), eta Rocío Katzen (Argentina) lanek jaso dituzte aipamen bereziak; Armando Fonseca mexikarrak eraman du sari nagusia.

Pozik zaude Iberoamérica Ilustrarako hautaketagaz?
Bai, oso pozik! Iberoamérica Ilustran irabazle bat eta lau bat aipamen berezi egoten dira, eta, horrez gainera, 30 bat ilustratzaileren lanak sartzen dituzte katalogoan. Orain urte bi nire lan bat katalogorako hautatu zuten eta aurten aipamen berezien artean egon da. Niretzat, ilustratzaile legez, nire lana Euskal Herritik eta Espainiatik kanpora ezagutarazteko aukera da, eta, gainera, nire lanari egindako aitortza bat ere bada, feedback berezi bat. Azken finean, aitortza bat da egiten dudanari; zelanbait esateko, bide onetik noa bat. Ilustrazioaren munduan dabiltzan editoreek eta beste profesionalek zure lana ezagutzeko modu bat ere bada; erakusleiho handi bat da.  

Iurretako jaietara etorrita, kartelean zure estiloa antzeman daiteke, koloreen erabileran, batez ere. Ezagutzen dituzu Iurretako San Migelak? Zerk inspiratu zaitu?
Jai batzordeko Maitanegaz egon naiz hartu-emanetan. Ez ditut Iurretako jaiak ezagutzen, eta berarentzat eta Jai Batzordearentzat jaiak zer diren galdetu nien: zer egiten den, norentzat egiten diren, zer den garrantzitsua eurentzat, zer gustatuko litzaiekeen kartelean agertzea... ohiko galderak. Berak esandakoagaz eta nik neure aldetik topatutako irudiekin, beste urteetako programa eta kartelak ikusita ekin nion lanari. Badakit garrantzitsua dela Abadetxea ere, adibidez. Bertan leiho batzuk daude margotuta, koloreekin, eta niri ere asko gustatzen zait lanak kolore lauekin abiatzea. Askotan, serigrafia eta visografia kontuetarako egiten ditut lanak; teknika hauekin koloreak nahastu egiten dira. Adibidez, kolore bi erabilita hirugarren bat atera daiteke; urdina eta horia erabilita, berdea lortu dezakegu. Hori nire irudietarako aprobetxatzen dut. Teknika horiek erabiltzea asko gustatzen zait, eta, modu horretara, CMYK hartu nuen; zian, magenta eta horia hartu nituen, eta nahaste horietatik inspiratu nintzen.

Erronka handia suposatzen dizu ezagutzen ez duzun zerbait marrazteak?
Hasieran, eskatu zidatenean, galdera horiek nituen buruan. Jaiak ezaguten ez nituenez, beldur moduko bat nuen. Dena dela, erronka legez hartzen dut; lana ondo egiteaz gainera, bezeroak gura duena irudikatzeko gogoa ere izaten dut.

Denboragaz ohitu zara horretara?
Egia esateko, ohikoa da. Ez duzu zertan ezagutu eskatzen dizuten dena, baina ilustratzaile legez badut jakin-min hori, gerturatzeko gogo eta lan hori, irudikatu gura duzun mundu horretara ahalik eta gehien hurreratzeko.  

Koloreez gainera, natura ere bada zure lanen ardatzetariko bat.
Gai gehiago ere gustatzen zait jorratzea, baina natura beti dut presente, oso gertuko sentitzen dudalako neure egunerokotasunean. Egiten ditudan irudietan beti ditut presente elkarbizitza natura eta elkarzaintza. Horietako zerbait beti sumatzen da nire lanetan.

Ez dituzu Iurretako jaiak ezagutzen, baina baduzu asmorik etortzeko?
Gonbidatu naute eta gustatuko litzaidake joatea, baina lana dela-eta ez dakit joan ahal izango naizen. Lan bi bidali dizkidate oraintsu eta irailaren amaierarako amaitu behar ditut. Lanak entregatzeko data hurbildu ahala urduri ipintzen naiz eta momentuan bertan ikusiko dut. Baina gustatuko litzaidake, bai jaiak ezagutzeko eta baita Jai Batzordeko kideak ezagutzeko ere.

Kartel lehiaketetan parte hartu izan duzu. Azken urteetan eztabaida plazaratu da adimen artifizialagaz egindako kartelak aurkeztu dituztelako. Zelan ikusten duzu honen eragina ilustrazioan, edo zer suposatzen dizu zuri horrek sortzaile legez?
Inpotentzia moduko bat eragiten dit, eta amorrua ere bai. Adimen artifizial generatiboak orain arte sortzaileek Interneten ipinitako materiala lapurtzen du. Informazio hori du eta irudiak errepikatzeko gai da. Nire ustez, garrantzitsua da horrelako lehiaketetan epaimahai kritiko bat egotea, arte bisualaren edo artearen inguruan ezagutza edo sentsibilitate minimo bat duena; begirada kritiko bat izatea eta artearen eta kulturaren munduagaz hartu-eman bat izatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!