Aurten ere, Zaldai Mendi Taldeko kideek hiru ibilbide antolatu dituzte: txiki martxa, martxa laburra eta luzea. Txiki martxa 4 kilometroko ibilbidea da, Garaizar eta Bereziganetik. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, etxeko txikienek egiteko moduko ibilbide erraza da, lagunduta. Martxa laburrak 14,2 kilometro ditu, eta 620 metroko desnibel positiboa. Martxa hau Mugarra mendiaren altzotik pasatuko da. Martxa luzeak 24,5 kilometro ditu, eta 1.600 metroko desnibel positiboa. Mugarra mendiaren magaletik pasatzeaz gainera, Aramotz mendilerrotik ere pasatuko da; tartean, Artatzaganetik eta Leunganetik. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, ibilbide luzeko mendizaleak 11:00ak baino lehenago pasatu beharko dira Katazkatik. Geroago igarotzen direnek ezingo dute ibilbide luzea egin, eta laburra egin beharko dute.
Izen emateak eta ordutegia
Izen ematea aurretiaz egiteko aukera egongo da; irailaren 25eko 23:30era arte, www.kirolprobak.com webgunearen bitartez egin ahal izango da, 12 euro ordainduta. Txiki martxako parte hartzaileek ere webgune berean egin ahal izango dute izen ematea, 5 euro ordainduta.
Bestalde, azken orduan animatzen direnek ere aukera izango dute egunean bertan izena emateko, martxaren irteera bakoitza baino ordubete lehenago. Kasu horretan, martxa laburrak eta luzeak 15 euroko prezioa izango dute, eta Txiki martxak 8 eurokoa.
Ordutegiei dagokienez, ibilbide laburraren eta luzearen irteera 08:30ean izango da; Iurretako plazatik irtengo dira. Txiki martxa ere toki berean hasiko da, ordubete geroago, 09:30ean.