Alberto Martinez Osasun sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritzak behin betiko geldituko duela Osakidetzaren "plataforma logistiko korporatiboaren proiektua". Bere berbetan, "zalantza gehiago sortzen duelako ziurtasuna baino". Gaineratu du, material sanitarioa eta ez sanitarioa erosi, banatu eta biltegiratzeko "eredu hibrido" bat aztertzen dihardutela, "materialen hornidura eta azken erabilera kontutan hartuko dituena". Gotzone Sagardui Osasun sailburu ohiak sustatuko proiektuak aurreikusten zuen Osakidetzaren biltegi berria Iurretan egitea, ETBko egoitza izan zen eraikinean.
Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren erronka "biltegia eta logistika kudeatzeko eredu bat definitzea" da. Hartara, "hornidura eta segurtasuna bermatzeko". Martinezek argitu duenez, "eraginkortasun eta jasangarritasun erizpideei" jarraituz osatuko da, eta "profesionalekin kontrastatutako proiektua" izango da. Kudeaketa "eredurik onena" definitzen laguntzeko "eragile guztien inplikazioa" eskatu du Osasun sailburuak. "Premisarik gabeko agertoki batetik" abiatuko direla nabarmendu du: "Argi izanda teknologian eta digitalizazioan oinarritzera behartuta gaudela, gure sistema optimizatzeko".
Martinezek azaldu duenez, plataforma berriak honako ezaugarriak bete beharko ditu: "Plataforma birtual erabat digitalizatua, ESIetako —erakunde sanitario integratuetako— biltegi fisiko bakoitzaren behar orokor eta puntualei buruzko informazioa izango duena. Stocka denbora errealean kontrolatzea eta materialik ez egotea saihesteko eskaerak aktibatzen lagunduko duena. Azken batean, gure osasun sistema publikora egokitutako 4.0 logistika bat".
Gaur egun, Osakidetzak 2.000 hornitzaile inguru ditu, eta zentroen artean banatzen dituzte materialak. Material sanitarioaren erosketaren %35,7 eta material ez-sanitarioaren %17,1 zentralizatuta dago; gainerakoa ESIek erosten dute, 24 biltegiren bidez. Erosketa horien zenbatekoa 500 milioi eurokoa da urtean, Jaurlaritzak jakitera eman duenez.