Jaurlaritzako Osasun Sailak uztailean hasiko ditu Iurretan plataforma logistiko berria eraikitzeko lanak

Anboto 2024ko eka. 20a, 16:56

Iurretan plataforma logistiko berri bat eraiki eta abian jartzeko proiektuaren nondik norakoak azaltzeko batzartu dira Gotzone Sagardui osasun sailburua eta Iurretako alkate Oskar Koka. Batzarrean egon dira baita Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuorde Nerea Urien, Osakidetzako Ekonomia eta Finantzako zuzendari Nestor Arana, eta, Angel Basabe udal arkitektoa ere. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak plataforma logistiko berri bat eraikiko du Iurretan, ETBren egoitza izan zen eraikinean. Azpiegitura berria eraikitzeko urte biko epea aurreikusi dute, 30 milioi euroko inbertsioagaz.  Kontratuak zentroaren diseinua, eraikuntza eta kudeaketa batzen ditu, eta lanak uztailean emango ditu Osasu Sailak. Iurretako alkate Oskar Koka pozik agertu da proiektua Iurretan garatuko delako. "Horrek Durangaldean lanpostu berriak sortuko dituelako". 

Osakidetzak urtarrilean egin zuen plataforma logistiko berri bat eraiki eta abian jartzeko lizitazioa. Hornidura sanitarioen eta ez-sanitarioen erosketa, eta, ospitaleetako eta osasun-zentroetako biltegietara egiten den banaketa optimizatzeko aukera emango du plataforma logistiko berriak. Osakidetzaren erosketa-bolumena 500 milioi euro ingurukoa da, urtean, zehaztu dutenez.

Bizkaiko Foru Aldundiak, joan den apirilaren 3an sinatutako hitzarmenaren barruan, Euskal Telebistak (ETB) Iurretan zuen eraikin zaharra laga zion Eusko Jaurlaritzari, eta bertan eraikiko da "hornikuntza-eredu malgu eta efizientea inplementatzeko zentro logistiko berria".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!