EH Bilduk Iurretako Kirol Taldeko zuzendaritzak erakutsitako jarrera salatu du

Anboto 2025ko api. 28a, 10:08

EH Bilduk ohar bidez azaldu duenez, Iurretako Kirol Taldearen "lehentasuna bere jokalariak babestea" izan beharko litzateke.

Iurretako futbol taldeak atzo ANBOTOri baieztatu zionez, jubenilen taldeko jokalari batek apirilaren 20an eraso bat jasan zuen taldekide baten aitaren partetik. Iurretakoko jubenilen taldea 'Marenostrum Cup' torneoa jokatzen zegoen Saloun, eta bertan gertatu zen erasoa. 

Iurretako  EH Bildutik erasoa jasan zuen gazteari "babes osoa" adierazi eta "beraien laguntza" adierazi diote."Gazteak salaketa jarri duen honetan, prozesu judiziala errespetatzen dugu", esan dute. 

Bestalde, EH Bilduko kideek taldeko zuzendaritzak erakutsitako jarrera salatu dute. "Publikoki salatu nahi dugu Iurretako Kirol Taldearen zuzendaritzak erakutsitako jarrera. Ez da kirol taldeko arduradunik gazte adingabearekin edo bere ingurukoekin harremanetan jarri, eta gainera, taldeko jokalarien aurrean, bertsio baten alde egin dute, erasoa jasan zuen gaztea eta Saloun izan ziren gurasoak entzun gabe", gaineratu dute.

Bukatzeko, kirolean "elkartasun balioak eta balio hezitzaileak" sustatu behar direla azpimarratu dute. "Era honetako gertaerek ez dute lekurik ez gure herrian ezta gure herriko edozein elkartetan ere". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!