Suhiltzailea zinen Iurretako basean?
Bai, 33 urtean egon nintzen han. Hasieran, Durangoko basea zen, Iurretaren desanexioa gauzatu barik zegoen eta.
Zelan gogoratzen duzu 1985eko otsailaren 19a?
Sasoi hartan, 24 orduan lan egiten genuen, eta beste 24 orduan atseden hartzen genuen. 08:00etan nire guardia amaitu, eta kafea hartzera joan ginen taberna batera. Etxera joan nintzenean, egun hartan Montejo ate berria ipintzen zebilela dut akorduan, lapurretan egin zigutelako. Momentu hartan andreak esan zidan Oizen hegazkin istripua gertatu zela. Basera joan nintzen, ziztu bizian, baina lankideak joanda zeuden. Antenetara joan nintzen todoterrenoagaz.
Goiuriako aldetik igo zinen?
Bai, antenetaraino joan nintzen, eta han Durangoko Dorrego abizeneko medikua topatu nuen. Lurreratze-trena ikusi genuen. Hegazkinak antena jo, eta Mallabia aldera jausi zen. Arbola guztiak aurretik eraman zituen. Lankideek esan zidaten Trabakutik joan behar nuela, Oizen beste aldean zeudela. Atoan joan nintzen, eta han elkartu ginen denok. Geroago jakin nuen Muniozguren baserriko Juan Mari Urkiola izan zela lehenengoa hondamendia ikusten.
Zer topatu zenuen Mallabira heldu zinenean?
Deskontrola. Ika-mika sortu zen, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak, biek, erreskate lanen agintaritza hartu gura zutelako. Beste suhiltzaile batzuk ere etorri ziren. Hegazkinak apurtuta zituen hegoak, eta fuselajearen barruan bidaiariak kiskalita zeuden. Gu heldu ginenerako ez zegoen surik. Kea, bai. Trailer bi etorri ziren zurezko kaxekin, gorpuak bertan sartzeko. Armada ere etorri zen. Landa hark sasiak zituen eta garbi-garbi utzi zuten operatiboa bertan ipintzeko.
Zelakoak izan ziren hurrengo egunak?
Biharamunean guardia izan nuen. Sua amatatuta zegoen arren, kontrolatzen ibili ginen. Iurretako suhiltzaileok forentseari erreskate lanetan laguntzen ibili ginen, zortzi-hamar bat egunean, gauzak egonkortu bazire ere.
Joaten zen inor kuriositateak bultzatuta?
Bai. Guardia Zibilak ez zuen uzten han inguruan ibiltzen, baina jendea joan egiten zen. Hegazkin txatalak eta horrelakoak hartzen zituzten. Ez dakit, 'Granadako Alhambra' hegazkinaren oroigarri lez edo.
Zelakoa izan zen erreskatearen amaiera?
Gorpuak Garellanora eraman zituzten, identifikaziorako.
Suhiltzaile legez beste hondamendi batzuk ezagutu dituzu?
1982an Ortuellako Marcelino Ugalde eskolan izan nintzen. Gas-ihes bat gertatu zen eta 52 ume hil ziren. Etxean nengoen eta parketik deitu zidaten hara joateko. Seat 1.500 bat neukan. Autoko antenan lazo bat ipini eta atoan joan nintzen. Han zeuden Bilboko, Ortuellako, Galdakaoko eta Gernikako suhiltzaileak, gureekin batera. Horma zatiak jausten ziren. Gorpuak ateratzen ibili ginen. Gogorra izan zen. Bestalde, 1983an uholdeak gertatu ziren eta han ere ibili ginen lanean.
Suhiltzailearen lana ez da erraza izango.
Ez da, ez. Sarritan etxera heldu eta buruari bueltak ematen nizkion.
Zelan gogoratzen duzu suhiltzaile sasoi hura?
Oso pozik ibili nintzen. Taxista nintzen Ezkurdiko geralekuan, beste lagun bategaz. Udaleko Land Rover bat pasatu zen, Diputazioak gidariak eta suhiltzaileak behar zituela esanez. Joseba, laguna, Ferreterako injineruaren txoferra zen eta joatera animatu nuen. Diputaziora joan eta instantziak bete genituen. 32 urte nituen eta adin horretatik gora ezin zen suhiltzaile posturako probarik egin. Lagunak 34 zituen. Geroago, deitu egin zidaten eta probak egin zizkiguten. Praktikak egiten hasi nintzen gero.
Ikusi duzu inoiz zeure burua arriskuan?
Durangoko Madalenan denda batek su hartu zuen. Braulio Arriaga suhiltzailea beheko pisura jaitsi zen ekipoagaz, baina ez zen agertzen, eta bere bila jaitsi nintzen sokatik helduta. Deitu egin nion eta arnasa hartzeko botilagaz zegoen, baina zorabiatuta. Susto galanta pasatu nuen. Batzuek uste dute lan erraza dela, baina momentua heltzen denean...
Ermuan bizi izandako beste pasarte bat ere badut gogoan. Pertsona batek bere buruaz beste egin gura zuen, balkoitik behera salto eginda. Hirugarren pisu bat zen. Lona zabaldu genuen, badaezpada. Gora joan ginen eta hantxe zegoen, urduri. Lagun bati zigarroa eta sua eskatu nizkion. "Erre dezagun zigarro bana", esan nion. Eman nion, eta sua ematen nenbilela lankideek ebatu egin zuten. Hantxe amaitu zen arazoa. Horrelakoak ez dira ahazten. Argi dut suhiltzaileen lana sua amatatzea baino askoz ere gehiago dela.