[EGITARAUA]: Markel de la Fuente eskalatzailearen hitzaldiarekin hasiko dute Iurretako Mendi Astea

Anboto 2025ko urt. 16a, 08:34

Ekaitz Maiz, Josu Linaza, Oier de la Fuente eta Markel de la Fuente.

Eskalatzaile elorriarra parte izan zuen espedizio batek eskalada bide berria ireki zuen iaz Pakistanen eta abentura hori izango du berbagai.

Zaldai mendi taldeak Iurretako VIII. Mendi Astea antolatu du datorren astean zehar. hainbat hitzaldik, mendi erronkako sari banaketak, Basatzan Mendi Bizikleta Martxak eta Gallandarako irteerak osatzen dute egitaraua.

Datorren martitzenean Markel de la Fuente elorriarraren saioagaz hasiko da mendi astea. Iaz Pakistaneko mendietan bizitako abentura kontatuko du argazkien laguntzarekin. Lau laguneko espedizio batek 7-B zailtasun mailako bide berria ireki zuen Karakorum mendilerroan.

Hurrengo egunean, eguaztenean, Pirinioetako GR-11 zeharkaldian bizitakoak kontatuko dituzte Bego Gonzalezek eta Elixabete Arbek. Honela dio hitzaldia iragartzen duen testuak: "Lau emakume eta hiru txakur hainbeste maite dituzten Pirinioak zeharkatzen, GR-11 zeharkaldia jarraituz. Autonomian, elkarrengandik ikasten, emakume mendizale moduan ahalduntzen eta naturaz gozatzen".

Eguenean, Aitor Intxaurraga eta Ander Salsamendiren 'Hiru haundiak. Taupadak eta gailurrak' ikus-entzunekoa eskainiko dute. Izenak dioen moduan Hiru haundiak lasterketa mitikoa eta bertan parte hartzen dutenen izpiritua dira filmeko protagonistak. Aitor Intxaurraga bertan izango da eta hainbat iurretarren esperientziak entzuteko aukera egongo da.

Basatzan martxa

Mendi Astean hutsik egiten ez duen ekimen bat Basatzen Mendi Bizikleta Martxa da. Urtarrilaren 25ean zortzigarren aldia egingo du, 28 kilometroko ibilbidearekin. Izen-ematea kirolprobak.com atarian egin daiteke, 10 eurotan. Izen-ematea egunean bertan egitea 13 euro da. Lehenengo 150 pertsonek buff bat jasoko dute.

Ekimenak izaera solidarioa du eta batutako guztia Angelman Sindromea elkarteari emango diote.

URTARRILAK 21, 19:00, GOIURIA KULTUR GUNEA

Mun Brakk II. 'Izar gorri, mamuon betiko argi' bidea. Markel de la Fuente. "Euskal alpinista talde bat Susbon haran ezezagunera abiatu da, Karakorumeko mendikatean, esploratzeko eta erronka berriak aurkitzeko asmoz. Argazki soil batzuen informazio urriaren gidaritzapean, Mun Brakk II (5.430 metro) orratzean aurkitzen dute erronka. Bertan 'Izar gorri, mamuon betiko argi' bidea irekitzen dute".

URTARRILAK 22, 19:00, GOIURIA KULTUR GUNEA

GR-11, zeharkaldi bat baino gehiago. Bego Gonzalez eta Elixabete Arbe. "Lau emakume eta hiru txakur hainbeste maite dituzten Pirinioak zeharkatzen, GR-11 zeharkaldia jarraituz. Autonomian, elkarrengandik ikasten, emakume mendizale moduan ahalduntzen eta naturaz gozatzen".

URTARRILAK 23, 19:00, GOIURIA KULTUR GUNEA

'Hiru Haundiak, Taupadak eta Gailurrak'. Aitor Intxaurraga eta iurretarren esperientziak. "Hiru Haundiak, Euskal Herrian egiten den lasterketa da, lehena, handia, mitikoa, entzutetsua… geurea. Gaur egun, gure mendietan korrika dabiltzan milaka mendizale ernarazi dituen hazia aspaldi erein zen eta indartsu ernamuindu. Izpiritu askeak, ameslariak, naturarekin bat egiten dutenak".

URTARRILAK 24, 19:00, ASKONDOKO ATERPEAN

Mendi erronka 2024, sari banaketa. Mendi erronka amaitu duten mendizaleei beraientzat prestatutako sariak banatuko zaizkie.

URTARRILAK 25, 10:00, ASKONDOKO ATERPETIK

Basatzan VIII. Mendi Bizikleta Martxa. Martxak 28 kilometro ditu 1.000 metroko desnibel positiboarekin. Izen ematea: kirolprobak.com (10 euro). Izen-ematea egunean bertan ere egin daiteke, 09:00-09:45 artean (13 euro).

URTARRILAK 25, 18:00, ASKONDOKO ATERPETIK

Gallandara frontalarekin. Umeekin egiteko moduko ibilbidea. Txikienek ibilbide erdian batzeko aukera izango dute Lukuarrietatik hasita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!