Zeintzuk osagai behar ditu zutabe on batek?
Zutabegile bakoitzak bere estiloa du. Nire kasuan, hiru alderdi kontuan hartzen ahalegintzen naiz. Batetik, kazetaritza ikuspegitik egindako gauza bat izatea; hau da, zerbaiten berri emateko asmoagaz egindakoa. Bestetik, istorio baten moduan kontatzea, bere hasiera, garapen eta amaieragaz. Azkenik, ikuspuntu pertsonala txertatzea, gertutasuna ematen diolako.
Gaia aukeratzea gatx egiten zaizu?
Gaiak, berez, asko daude egunerokotasunean. Niretzat enfokea pentsatzea da gatxena, zer eta zelan esan. Jendeak irakurtzen duenean ekarpen berri modura ikusi dezala.
Zein da enfoke egokiaren bila buruan bueltarik gehien eman diozun zutabea?
Gehien landuriko testua lehenengoa izan zela esango nuke, lantaldetik irten eta atal berrirako pauso hori zelako. ANBOTOgazko ardura bat sentitzen nuen eta gogoan dut ordu dezente eman nuela ordenadore aurrean. Jon Irazabalen testuagaz berdina gertatu zitzaidan. Bere inguruan idatzi gura nuen, baina ez nekien oso ondo nondik jo. Testu horri ere buelta batzuk eman nizkion, bai.
Zutabea entregatu behar eta orria zuri. Inoiz gertatu zaizu?
Ez. Nondik jo argi dudanean, orduan hasten naiz idazten. Normalean, pasealdian nabilenean edo norabaitera noanean etortzen zaizkit ideiak; hau da, ez nabilenean gauza zehatz batean zentratuta.
Irakurleen feedbacka zelakoa da?
Orokorrean, ona. Egia esanda, eskertzen da "irakurri dut eta gustatu zait" eta antzerakoak entzutea. Jakina, baliteke batzuei ez gustatzea edo beste enfokeren bat eman niezaiokeela pentsatzea, baina normalean gauza txarrak ez ditugu esaten, hori ere egia da. Baina feedbacka ona izan da orain arte.
Inoiz zentsuratu duzu zeure burua?
Bai, baina ez iritzi txarrak jasotzeko arriskuagaitik, neure buruagaz gustura geratzeagaitik baino. Noiz edo noiz hartu dut bide bat, iritzi jakin bategaz, eta pentsatu: "Momentuko beroalditik aparte, gustura egongo naiz zutabe horregaz sei hilabete barru?". Horrek bai arduratzen nau.
Zeri buruz idatzi gura zenuke, baina oraindino ez zaizu abagunerik sortu?
Ez dut gairik pendiente. Pertsona bat bai badut buruan, hari buruz idazteko. Aurreko batean dudan egon nintzen idatzi ala ez. Momentuaren araberakoa izaten da.
Desiorik 1.000 alea dela eta?
ANBOTO beharrezko proiektua da Durangaldean. Bertako lurragaz eta izateko moduagaz gehien konektatzen gaituen hedabidea nire ustez, nortasun hori eraikitzeko funtsezko pieza. Beste 1.000 etorri daitezela!