"Euskara zainetan daramadan odola lakoa da"

Aitziber Basauri 2024ko urr. 24a, 16:50

Bide urratzailea eta militante nekaezina da Kristina Mardaras (Iurreta, 1948). Bertsolaritzan, lehenengo emakumea izan zen txapelketetako oholtzara igotzen. Horrez gainera, hainbat proiektutan parte hartu du kulturgintzan eta euskalgintzan. Hitanoaren erabilera bultzatzeko proiektu batean ere badabil lanean orain. 

Zelan hartu duzu Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketan jasotako saria?  
Bizi guztian ibili naiz herrigintzan, beti izan naiz ekintzailea. Konstante bat da nire bizitzan. Baina ez naiz sekula bakarrik ibili, talde lana izan da beti. Nire moduan, beste askok merezi dute horrelako merezimendu bat. Horregaitik, kosta egin zitzaidan saria onartzea. Hala ere, oso pozik hartu dut egin didaten aitortza. Ekitaldia gozamena izan zen eta oso pozik nago, ez ni aukeratu nautelako, antolatutako ekitaldiagaitik baino. 

Bertsolaritzan bide urratzailea izan zinen, lehenengo emakumea Euskal Herriko Txapelketa Nagusi batean oholtzara igotzen. Bere garaian zeozer aldatu zenuen kontzientzia baduzu?  
Bai, dudarik barik. Beti izan dut. Ez naiz izan ertzak goitik behera aldatzen ibili den pertsona, nahiko borobila naiz. Pragmatikoa naiz, berez. Konturatu nintzen nire presentzia hutsak mugatu egiten zuela gizonen esamoldea, ez zela horren librea emakumeei buruz fribolitatez kantatzea, han nengoelako. Beraz, emakumeak oholtzan presentzia izatea garrantzitsua iruditzen zitzaidan.  

Ordutik gaur egunera asko aldatu da presentzia hori. 
Guztiz aldatu da, bai. Txapelketetan ere bai. Bizkaiko finalean, zortzitik bost emakumeak izan dira. Gainera, agerpen hori bermatuta dago. Gure arduretariko bat zen bertsolaritzan ari ziren emakume horiek ama izatea erabakitzean zer gertatuko ote zen. Eta ikusi dut askok jarraitu egin dutela ama izan eta gero. Horien artean daude Oihana Perea, Alaia Martin, edo momentu honetan haurdun dagoen Onintza Enbeita. Amaia Agirre bera ere hor dago, gaur egun gai jartzaile dabilen arren. 

Zein sentsazio sortzen dizu horrek?  
Poz itzela. Bertsolaritzan emakumeen presentzia bermatzea bilatzen nuen nik. Guk sentitzen duguna, guk bizi duguna, guk geuk kontatzen eta kantatzen dugu ondoen, eta emakumeen ahotsa hor egotea inportantea iruditzen zitzaidan. Poz handia ematen dit emakumeak bertsotan ikustea; batez ere, goreneko mailetan. Eta ez inork baimendu dielako, leku hori irabazi egin dutelako baino. Bakoitza bere ahalez hor egotea ederra da benetan. 

Egindako aitortza bertsotan eskertu duzu. Ezin zen beste modu batean izan, jakina.
Bai, bertso jarrien bitartez eman nituen eskerrak. Nire munduaren gehiengoa bertsoa da, baina ez da hori bakarrik. Emakumeen Bira antolatzen ibili naiz 22 urtean, gau eskoletan ibili nintzen irakasten... Nire ekintzailetza anitza izan da. Baina bertsolaritzatik naiz ezaguna. 

Bertsorako sena ez da agortzen?  
Ez. Bertsotan ikasi egin dut. Baina bertsolaritza ez da ikasi egin dudan zerbait bakarrik. Esango nuke txikitatik izan dudala sortzailetza hori barruan. Beraz, edozein momentutan izan zenezake bertsoa buruan, edozerk ekarri diezazuke bertso bat edo ipuin bat idazteko motibazioa. Gutxi-asko, senarrak eta biok ia egunero egiten dugu bertsotan etxean. Autoan bidaiatzen bagoaz bertsotan joaten gara. Uste dut berezkoa dudala, konstante bat da. Sarritan gertatu zait goizaldean iratzarri eta bertso bat izatea buruan.

Euskararen eta herrigintzaren alde egindako lana ere aitortu dizute. Militante agortezina zara?  
Baietz esango nuke. Eta osasuna dudan artean jarraituko dut. Euskara zainetan daramadan odola lakoa da, ni neu izateko beharrezkoa dudan hizkuntza. Hizkuntza indartsu edo normalizatu bat izan bagenu, ez nintzen hainbeste arduratuko, baina gurea beti izan da hizkuntza zapaldua. Gau eskoletan ibili nintzen eta irakaskuntzan aritzeak zerikusi zuzena zuen euskaragaz. Gazterik hasi ginen itzulpenak egiten euskara normalizatuago egon zedin. Gaur egun, hitanoaren mugimendu bat sortzen gabiltza Euskal Herrian. Abenduaren 7an, Durangoko Azokaren barruan, Hikadromo bat egingo dugu Landako eskolan, 16:00etatik 18:00etara. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!