Bizkaiko suhiltzaileak trafiko istripuetako erreskateen lehiaketan parte hartzen ari dira, Iurretan

Anboto 2024ko ots. 26a, 16:00
Talde bat Iurretako parkean lehiatzen. (Argazkia: bizkaia.eus)

Iurretako probatik irtengo da Espainiako txapelketan parte hartuko duen taldea.

Bizkaiko hainbat parketako 72 suhiltzaile istripuetan biktimak ibilgailuetatik ateratzeko simulakroen lehiaketan parte hartzen ari dira gaur eta bihar, Iurretako parkean. Zehazki, Urioste, Basauri, Artatza, Iurreta, Arratzu, Zalla eta Derioko parkeetako hamabi errelebotako suhiltzaileak eta kaboak dabiltza lehian. Talderik onenak Bizkaiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzua (PSSZ) ordezkatuko du Espainiako txapelketan. Txapelketa hori Coruñan (Galizia) izango da, ekainean.

Erronka 20 minutuko erlojupekoan harrapatuta dagoen biktima bat erreskatatzeko maniobra bat ebaztea da. Maniobra horietan autoak iraulita, bata bestearen gainean jarrita edo zuhaitzen kontra sartuta aurki daitezke. Talde bakoitza agintari batek, osasun-langile batek eta hiru edo lau suhiltzaileko lantalde teknikoak osatzen dute.

Euskadiko beste talde batzuk, lehenengoz

Iaz ere Iurretan egin zuten txapelketa bat. Aurtengo aldiak nobedade bat du. Gonbidapena luzatu zaie  Euskadiko suhiltzaileen gainerako zerbitzuei talde banarekin parte har dezaten. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udaletako zerbitzuek erronka onartu dute eta, beraz, hamabost talde lehiatuko dira guztira bi jardunaldietan.

2023an Bizkaiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak 538 trafiko-istripu artatzeko aktibatu ziren, Aldundiak ohar batean azaldu duenez.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!