Iñaki Totorikaguenak alkate kargua utziko du

Anboto 2024ko ots. 22a, 11:23

Oskar Kokak hartuko du bere lekukoa martxoaren 22an egingo den osoko bilkuran.

Iurretako EAJk jakinarazi duenez, Iñaki Totorikaguenak, Iurretako alkateak, kargua utziko du 17 urtez herriko udalaren buru egon ondoren. Oskar Koka iurretarrak hartuko du alkatearen lekukoa martxoaren 22an egingo den ezohiko osoko bilkuran. Oharrean azaldu duenez, Totorikaguenak erabakia honela azaldu du: “Ibilbide guztiek amaiera bat dutelako, edo gutxienez puntu eta aparte bat. Eta nik pauso bat eman behar dut albo batera, aldaketa bat behar dut”. Halaber, azken urteak maila profesionalean eta pertsonalean gogorrak izan direla aitortu du, “ustekabeko osasun arazo bat barne, bosgarren aldiz aurkeztea onartu nuenean espero ez nuena”. Totorikaguenak azpimarratu du kargua "zintzotasunez eta arduraz" betetzen ahalegindu dela urte hauetan guztietan, "beti ere, Iurreta, iurretarrak eta udala bera gogoan hartuta". Egindakoak "merezi izan duela" gaineratu du, eta gogoan izan ditu "bai une onak eta bai txarrak".

Totorikaguena 2007an ailegatu zen Iurretako alkatetzara. Ordutik honako lau legealdietan, 17 urtean, izan da alkate. Bera da gaur egungo Durangaldeko alkateen artean agintaldirik luzeena mantendu duena. Horri guztiari alkate izan aurreko aroa gehitu behar zaio. Izan ere, legegintzaldi bi egin zituen zinegotzi laneta. Horrenbestez, modu batera ala bestera 25 urte egin ditu Iurretako udaletxean. Bere ibilbidean zehar, EAJk gehiengo absolutuagaz gobernatu ahal izan du hiru aldiz. Hedabide honi duela gutxi eskaini zion elkarrizketa, iazko azaroan.

Alkate berria, Oskar Koka

Totorikaguenak azaldu du "uste osoa" duela bera ordezkatuko duen Oskar Kokagaz. “Udala oso esku onetan uzten dut, gobernu-talde on batekin, esperientziaduna eta legegintzaldiaren amaierara bitarteko helburu argiekin lerrokatua. Baita udal talde zentzudunekin, arduratsuekin eta euren arteko harreman onarekin ere”, nabarmendu du. Oskar Koka, 53 urteko iurretarra, analista programatzailea da eta Iurretako Udaleko zinegotzia izan da azken hiru legegintzaldietan. 1993tik Euskal Irrati Telebistan dihardu teknologiako teknikari aditu gisa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!