Bosgarren legegintzaldia hasi duzu Iurretako alkate karguan. Zer moduz abiatu duzu legegintzaldi berria?
Bai, bosgarren legegintzaldia da. Hamasei urte daramatzat eta legegintzaldi hau amaitzen badut, hogei urte egingo ditut. Baikortasunez ekin diot lanari, ilusioagaz gure proiektuak eta erronkak aurrera ateratzeko.
Zein erronka daukazue datozen lau urteetarako?
Kultur Etxearen ondoan dagoen Bideondoko eremua garatzea da erronketariko bat. Alde batetik, bertan 60 etxebizitza baino gehiago daude aurreikusita. Eta ez hori bakarrik; etxebizitza horietariko batzuk prezio tasatu batean egin gura ditugu, eremu horren zati bat udalarena da eta. Eremua garatuta, gune berdeak sortuko ditugu. Gure herrigunean ez daukagu gune berde askorik. Jolas parkeak ere sortuko dira, proiektu polita da eta ea bi-hiru urte barru garatu dezakegun. Beste proiektu garrantzitsu bat Bidebarrieta kaleko birgaikuntza amaitzea da. Ea datorren urtean zehar hasi gaitezkeen. Bidebarrietako eremu horretatik kotxeak kendu gura ditugu, bidearen beste aldean aparkalekua eginda. Azken obra hau esleituta dago eta hile amaieran martxan ipintzea espero dugu. Behin hori eginda, Bidebarrietan kotxeak kenduta, oinezkoentzat 1.000 metro koadroko espazio bat sortuko litzateke. Fase bi izango lituzke. Lehenengo fasea datorren urtean hastea gura genuke, gasolindegitik SACeraino. Bigarren fasea SACetik Batzoki pareraino. Legegintzaldiko hirugarren erronka trantsizio energetikoagaz lotuta dago. Proiektu potolo bi ditugu. Bata kultur etxearen energia-berrikuntza integralagaz lotuta dago. Estalkia aldatu, eguzki plakak ipini, isolamendua aldatu, geotermia sistema ipini... Horretarako, finantziazioa beharko dugu, eta lanean gabiltza. Bigarren proiektuari dagokionez, kaleko argi guztiak LEDera aldatu gura ditugu.
2024rako aurrekontuak lantzen zabiltzate?
Bai, hile amaieran onartzea gura genuke. 7 milioi eurotik gorako aurrekontua da. 775.000 euro ipiniko ditugu inbertsioetarako, aurrekontuaren %10.
Zein inbertsio proposatu duzue datorren urtera begira?
Bizikleta Plana garatzea gura genuke. Ekintza batzuk egiten hasi ginen, herrigunean bizikletari lehentasuna emateko. Basetan, Elizalden, Maspen eta Andaparapen izango da hori. Beste partida inportante bat Akiñenan eraikitzen gabiltzan pasabideko igogailua da. Bizipistaren proiektuan, Bizkaiko Foru Aldundiagaz adostu genuen eurek egingo zutela oinezkoentzako pasabidea, eta Iurretako udalak igogailua. Beresiko aisialdi gunean jolasgunea berriztea da beste proiektuetariko bat. Eta beste partida bat ere gorde dugu Maiztegiko eskolako patioa aldatzeko proiektua erredaktatzeko. Aspalditik gabiltza lanean eskola komunitateagaz patioak eraldatzeko, ideiak landuta.
Ibaizabal errekan uholdeei aurre egiteko obrak egiteko hitzarmena sinatu duzue URA agentziagaz. Zertan da akordio hori?
Oso akordio garrantzitsua da. Ez da bakarrik ibaiaren hobekuntza bermatzeko eta egungo hirigunea Ibaizabalen ur igoeretatik babesteko. Hori inportantea da, baina hitzarmen honegaz Paduretako urbanizazioaren garapena ere bermatzen da. Gune horretan, urbanizazioa bermatzeko neurri batzuk planteatzen dira. Hainbat tipologiatako etxebizitzak eraikiko dira eta 30.000 metro karratuko espazio berde bat eta ibai-parke bat egiteko aukera izango dugu. Tramitazioak urte batzuk eramango ditu.
Airearen kalitatea berbagai hartuta, iazko legegintzaldian Durangoko Udalak Tecnaliaren ikerketa bat oinarri hartuta Durangoko kutsadura Iurretatik zetorrela ondorioztatu zuen.
Hori ez da egia, eta, gainera, frogatuta dago hori ez dela horrela. Joan zen legegintzaldian berba asko egin zen horretaz. Airearen kutsadura ez dator leku bakar batetik, eta herri guztietan ditugu enpresak. Iurretako enpresek Durangoko, Izurtzako edo Abadiñoko enpresek dituzten kontrol eta baimen berdinak dituzte. Gainera, aireak ez du mugarik. Airearen kutsadura ez dator industriatik bakarrik. Kotxeek, berogailuek... Eskualde industrializatu bat gara, bizi kalitate onekoa, eta horrek eragina du airearen kalitatean. Hala ere, uste dut airearen kalitatea ez dela txarra. Hobetu daiteke? Bai, baina hori denon eskuetan dago. Lan handia egiten da eskumena duten erakundeen aldetik. Udalok ere ahalegintzen gara gure esparruan neurriak ipintzen eta Eusko Jaurlaritzagaz behar egiten. Jaurlaritzako, Durangoko eta Iurretako teknikariekin osaturiko foro bat dugu airearen kalitatearen inguruko gaiak aztertzeko, eta, beraz, bagabiltza lanean.
Oposiziotik bazegoen kezka Smurfitek eraikiriko tximiniaren inguruan.
Baimen guztiak ditu eta eraikita dago. Uste dut hor ere kontrolak eta inspekzioak badaudela egon, ezarririko neurriak ez gainditzeko. Enpresa guztiek bete behar dute dugun legedia, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila hori kontrolatzeko dago.
Udal idazkaria bere postura bueltatu da epaitegiek udalaren errekurtsoa ebatzi bitartean. Zertan da gai hau?
Ez dut askorik esateko. Orain hartu-eman profesional eta konstruktiboa dugu, beti ere udalaren onerako. Bakoitzak bere eremuaren barruan behar egiten du, esku artean ditugun proiektuak aurrera ateratzeko. Gurago dut aurrera begiratu atzera baino.
Udal basoetan bertoko espezieak landatzeko mozio bat onartu zenuten. Zelan doa proiektu hori?
Gure mendietan Aldundiagaz kudeatzen dugu gaia. Iazko abenduan hiru mendi erosi genituen, 96.000 metro koadro guztira, udalak lehendik zituen 74.000 metro koadroei gehitzeko. Espezie autoktonoak landatzea da asmoa. Orain, basoberritze hori esleitzeko prozesuan gaude eta 50.000 euro ipini ditugu horretarako.
Mugikortasunaren arloan hainbat aldaketa egon da azken urteotan Iurretan. Zein balantze egiten duzue?
Iurretako punta batetik bestera oinez edo bizikletan modu seguruan joan ahal izatea gura dugu. Akiñenan espaloia egin dugu, pasabideagaz eta bidearen beste aldeagaz lotzeko. Goiuriako espaloia ere amaitu dugu, Deabruaren Zubia zegoen lekuan eraikiko den pasarelagaz lotu eta Durangoko kirol gunera heltzeko. Bizikleta Plana ere garatzen hasi gara, bizipista berria gure beste bidegorriekin lotzeko. Sare bat sortu gura dugu modu seguruan mugitzeko.
N-634 errepidea bulebar bihurtzea inflexio puntu bat izan da?
Hasieratik esan genuen zero puntu bat izango zela hori. Proiektu horretatik beste proiektu pila bat egin dugu mugikortasun arloan. Herria kohesionatu egin du. Lehen trintxera bat eduki genuen eta alde batetik bestera igarotzeko modu bakarra beheko tunel bietatik zen. Momentu honetan, esango nuke %90 goitik pasatzen dela.
Zertan da Santa Apoloniako industrialdea?
Dagoeneko hasi dira lanean. Hiru milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du. Espazio guztia aldatuko da eta alderdi guztiak hobetuko dira: ingurumenari dagokiona, urbanizazioa, oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbideak... Espazio horretan dauden enpresek ere behar zuten hori, euren jarduera gaur egun ingurumen eta hirigintza estandarretara egokitzeko. Gainera, inguru horretan dagoen XVII. mendeko Iturrioz baserria mantentzea lortu dugu. Harriz harri desmuntatu eta berrogei metro harago eraikiko da.
Zelan dago tokiko merkataritza Iurretan?
Tokiko merkataritza bultzatzen ahalegintzen gara, Dendak Baigaz kanpainak eginez. Urtean 20.000 euro ipintzen ditugu tokiko merkataritza sustatzeko. Gainera, hirigunean enpresa edo merkataritza proiektuetarako 6.000 euroko laguntza mantentzen jarraitzen dugu. Gure eskura dagoen guztia egiten ahalegintzen gara, baina badakigu ez dela erraza eta erreleboa geroago eta gatxagoa dela.
Baserrietan etxebizitza gehiago egin ahal izateko ordenantza lantzen zabiltzate.
Landaguneak jarraipena eta iraupena izan ditzan egin dugu apustu hau. Urte askoan ikusi dugu auzoetako herritarrak herrigunera joan direla bizitzera, baserrietan etxebizitza bi eraiki daitekezkeelako. Orain dela hile batzuk aldatu egin zen legea, eta horrek aukera ematen digu ordenantza bidez gai hau beste modu batean arautzeko. Baserrietako etxebizitza kopurua bikoiztea ahalbidetuko duen ordenantza izango da. Baserrien birgaitzea eta egokitzapena bultzatu gura ditugu; azalerari eta irisgarritasunari buruzko baldintza batzuk betetzen dituztenen kasuan, jakina. Bertako biztanleei bizi aukera bat eman gura diegu lurzoru berriak okupatu eta urbanizatu barik, gazteek baserrietatik alde egin beharrik izan ez dezaten.
Euskararen erabileraren inguruan, zein egoera duzue Iurretan?
Beste leku askotan legez, sentsazioa da ezagutza handitu egin dela, baina erabilera ez dela era berean handitu. Eragin egin behar da, baina ez dakigu zelan. Gure gazteek sare sozialak eta hedabideak euskara ez den hizkuntzetan kontsumitzea ohikoa da. Bestalde, gure kultur ekitaldirik gehienak euskaraz dira. Gazteengana zuzenduriko dena euskaraz da; helduentzako jarduerak, ostera, ele bitan dira. Ildo horretatik, argi dugu non eragin gura dugun.