Iurretako elizako kanpaiek 10:00etan jo dutenean hasi da legegintzaldi berrirako kargu hartzeen plenoa. Iñaki Totorikaguenak azaldu duenez, "alkate naizen aldetik guztion eskura jarraituko dut konpromiso gehiagorekin eta gehien behar dutenentzat. Nire ahalegin guztiak zuzenduko ditut udalaren papera sendotzera eta indartzera, beti ere baliabide publikoen kudeaketa eraginkor, arduratsu eta garden batekin". Bestalde, aurreko legegintzaldian udalean jardun duten zinegotziak gogoratu ditu, bereziki PSE-EEkoa. 32 urtez zinegotzi izan den Mari Carmen Muñoz sozialistak publikotik entzun ditu alkatearen berbak.
Ziortza Duñabeitia EH Bilduko zinegotziak ere berba hartu du: "Lau urte hauetarako lanerako gogoz gatoz eta elkarlan baterako prest gaude herriaren onurarako denean". PSE-EEko Julen Callejak azaldu duenez, bere ekarpena egin gura du udal politikagintzan, "hauxe delako herritarren bizitza kalitatea hobetzen laguntzen duena".