Gurutze Frades Konan (Hawaii) dago egunotan. Datorren asteburuan Ironmanen munduko txapelketa lehiatzen da, eta ohi moduan, egun batzuk lehenago bertaratua zen prestakuntzaren azken zatia egiteko. Baina dena bertan behera utzi eta txapelketari uko egin behar izan dio gaixotasun batengatik, sare sozialetan iragarri duenez. "Gaixotu egin naiz. Egun batzuk ohean eman ditut entrenatu barik. Egunak aurrera joan ahala A planetik B planera igaro naiz eta horrela behin eta berriz, harik eta kasurik txarrenera heldu arte: ez lehiatzea", azaldu du. Gaixotasunak bere sasoiari eragin dio. "Entrenamenduekin berriro hastean, behar nukeen sasoi puntutik oso urrun nagoela konturatu naiz".
Parte ez hartzeko erabakia "ez" dela "bat ere erraza" izan eta "buruari makina bat buelta" eman dizkiola dio. "Baina, egia esanda, ez naiz prest sentitzen munduko txapelketari nahiz distantzia horretako proba bati aurre egiteko". Orain "errekuperatzeko" eta "aurrera egiteko" unea dela adierazi du.
2016tik hona, hutsik egin gabe
Aurten zazpigarren aldiz parte hartu behar zuen Ironmanen munduko txapelketan. 2016tik hona hutsik egin barik zegoen. Bere posturik onena iaz Utah-n (AEB) lortutako bederatzigarren postua da:
- 2016an, Konan: 33. postua.
- 2017an, Konan: 22. postua.
- 2018an, Konan: 24. postua.
- 2019an, Konan: 15. postua.
- 2022an, Utah-n: 9. postua.
- 2022an, Konan: 15. postua.