Smurfit paper fabrikako labe berriaren emisioek izango duten eragina argitzea eskatu du beste behin EH Bilduk

Anboto 2023ko ots. 27a, 11:04

Iurretako EH Bilduk udaleko gobernu taldeari eskatu dio "argi eta garbi" azaldu diezaiela herritarrei Smurfit paper fabrika eraikitzen ari den labe berriaren emisioek zein eragin izango duten inguruan bizi diren pertsonen osasunean. Era berean, salatu dute EAJk egindako Iurretako Udalaren "erabilera partidista". Azpimarratu dutenez, "Iurretako Udala iurretar guztiok osatzen dugu".

Durangoko Udalak bilera bat eskatuko dio Iurretako Udalari, paper fabrikan eraikitzen dabiltzan labe berriak "airearen kalitatean eta pertsonen osasunean" izan dezakeen eraginari buruz galdetzeko. Iurretako Udalaren izenean emandako argibideen aurrean oharra kaleratu du Iurretako EH Bilduk.

EH Bilduk kritikatu duenez, "EAJren udal gobernuak Smurfit eraikitzen ari den labearen emisioek pertsonen osasunean zein eragin izango duten argi esan gabe jarraitzen dute". Era berean, Iurretako Udalaren izenaren "erabilera partidista" egotzi diote jeltzaleei, "Iurretako Udalaren izenean Iurretako EH Bilduren kontra idatziz".

Ildo horretan, EH Bilduk esan duenez, "urtarrilaren 26ko mahai teknikoan esandakoen berri otsaileko hirigintza batzordean emateko  promesa egin ziguten arren, otsaileko 16ko batzordean, gai zerrendan ere ez zuten sartu". Nabarmendu dutenez, "teknikarien lana gaia teknikoki aztertzea den bezala, herritarren ordezkari garenon ardura da herritarren osasuna babestea, eta informazio argi eta zehatza ematea". 

Paper fabrikako labe berriaren emisioek inguruan bizi diren pertsonen osasunean izango duten eragina argitzea eskatu du beste behin EH Bilduk. Gainera, Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola, etortzea eta herritarrei azaltzea labe berriaren emisioek osasunean izan dezaketen eragina zein den.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!