EH Bildu: "Herritarrek eskubidea dute jakiteko zein den Smurfiten labe berriak euren osasunean izango duen eragina"

J.G./A.B. 2023ko ots. 16a, 12:14

Proiektua eraikitzeko baimena eman dutenek herritarrei "informazio argia emateko ardura" dutela diote.

Iurretako EH Bilduk prentsa oharrean azaldu duenez, labe berria eraikitzen dabiltza Smurfit enpresan: "Iurretako Smurfit Kappa paper fabrikan obra handi bat martxan dagoela jakin dugu. Baita Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak ebazpena egin zuela ere 2022ko apirilaren 22an, eta bertan enpresa honi Ingurumen Baimen Integratua aldatzea onartu ziola, eta kare-labe berria jartzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zuela. Era berean, Iurretako Udalak obra lizentzia eman ziola labea eraikitzeko, 2022ko maiatzean". Informazio horren aurrean koalizio subiranistak azaldu duenez, "lehen Zaldibarko zabortegira eramaten zituzten hondakinak labe berri honetan kudeatu gura ditu Smurfitek, eta prozesu honek emisioak izango ditu airera". 

Mozioa udalean
Airearen kalitateaz kezkatuta dagoela dio EH Bilduk, eta proiektu honen inguruko informazioa eskatu du udalean eta baita Eusko Jaurlaritzan ere. 2022ko abenduan, Durangoko, Zornotzako eta Iurretako EH Bilduk Iurretako Udal Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari azalpenak emateko eskaera egin zien eta oraindino ez dute erantzunik jaso.

2023ko urtarrilean, Iurretako EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen eta udalbatzara eraman zuen gaia. "Mozio horretan udalari eskatzen genion herritarren aurrean azalpenak eman zitzala, eraikitzeko baimena eman duen labearen emisioek zein eragin izango duten arnasten dugun airearen kalitatean eta pertsonen osasunean", diote prentsa oharrean. Gainera, idatzi horretan Eusko Jaurlaritzari eskaera egin zioten, "herritarrei azalpenak ematera etor dadin". EAJk mozioaren kontra bozkatu zuen eta eskaera ez zen aurrera joan. Paper fabrikak Jaurlaritzaren Ingurumen Baimen Bateratua duela azaldu zuten jeltzaleek, eta "jarraipen iraunkorra" egingo dela airearen kalitatea bermatzeko Europako araudiak zehaztutako neurriak bete daitezen. Gaineratu zuten badagoela Durangoko eta Iurretako udalek eta Jaurlaritzak osatutako mahai tekniko bat, eta bertan gaia aztertu dutela.

Prentsa oharrean informazio eskaera berretsi du EH Bilduk publikoki: "Herritarrek eskubidea dute jakiteko zein izango den Smurfiten labe berriak euren osasunean izango duen eragina".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!