Domekan Hiri Probaren 40. aldia lehiatuko dute Iurretan

Anboto 2022ko abe. 13a, 12:29

Bidezabaleko presidente Juan Ignacio Hernandez, Iurretako alkate Iñaki Totorikaguena eta Bidezabaleko Cristina Petite gaur Iurretako udaletxean eskainitako prentsaurrekoan.

Apirilean barik abenduan antolatuko dute lehenengoz eta aurrerantzean data hau mantenduko dute.

Iurretako Hiri Probak 40. aldia beteko du domeka honetan, abenduak 18. Pandemia osteko lehenengoa izango da. Aurtengo nobedade nagusia da apirilean barik abenduan egingo dutela. Mundu mailako kros lasterketen egutegia berrantolatu egin denez, antolatzaileek pentsatu dute abenduko egun hauek direla egokienak iraupen-korrikalariak batzeko.

Beste aldaketa bat honako hau da: aurrerantzean Hiri Proba herrikoia eta nazioartekoa tartekatu egingo dituzte. 2023an lasterketa herrikoia bakarrik antolatuko dute, xumeagoa eta antolaketa aldetik eramangarriagoa; eta 2024an, nazioarteko lasterketarekin itzuliko dira.

Aurtengoa nazioarteko lasterketa da eta, urtero lez, korrika egitea gustuko duen edonork parte hartu dezake. 5 eta 10 kilometroko lasterketak daude aukeran. Zirkuitua urterokoa da, 2017az geroztik homologatua dagoena. Lasterketa 12:00etan hasiko da Maspen, eta helmuga Askondoko aterpean kokatu dute.

Izen-ematea doakoa da eta aurretik egin behar da www.kirolprobak.com webgunearen bidez. Lehenengo 300 izen-emateek lasterketako kamiseta jasoko dute opari.

Eliteko parte hartzaileei dagokionez, Irene Pelayo, Nuria Lugueros eta Beatriz Alvarez aipatu daitezke faborito moduan emakumeetan, eta, Santiago Catrofe, Sergio Jimenez edo Ibrahim Chakir gizonetan.

Umeen eta gazteen lasterketak

Urtero lez, goizean zehar ume eta gazte mailetako lasterketak egongo dira: kadete, benjamin, kimu eta txupeteak (2016tik hona jaiotakoak). Izen-emateak ahalik arinen egiteko eskatu dute Bidezabal Atletismo Klubeko antolatzaileek. Izan ere, parte hartzaileen artean gozokiak oparitzen dituzte eta aurreikuspenagaz jokatu gura dute inor gozoki barik ez geratzeko.

Maila hauetan parte hartzeko izen-ematea LOTURA HONETAN egin daiteke. Izen-ematea doakoa da.

ORDUTEGIA - ABENDUAK 18

  • 10:30 Kadeteak (2007) eta jubenilak (2005/06). Distantzia: 2.025 metro.
  • 10:50 Benjamin aurrekoak (2014/15) eta benjaminak (2012/13). Distantzia: 675 metro.
  • 11:00 Lasterketa paralimpikoa. Distantzia: 1.000 metro.
  • 11:20 Kimuak (2010/11) eta haur-kategoria (2008/09). Distantzia: 1.350 metro.
  • 11:30 Txupeteak (2016tik aurrerakoak). Distantziak: 250 metro.
  • 12:00 Eliteko proba. Junior, absolutu eta beteranoak. 5 eta 10 km.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!