Patricia Marquezek zilarrezko domina irabazi du Valentziako nazioarteko txapelketan

Anboto 2022ko aza. 7a, 09:42
Patricia Marquez Valentzian.

Denboraldiko hitzordurik garrantzitsuenean sekulako emaitza lortu du.

"Txapelketan egotea bera handia zen eta ez nuen sekula imaginatuko lortu dudana. Ikaragarria izan da!". Patricia Marquez Ormaetxea (Iurreta, 1974) pozez ezin kabiturik dago eta ez da gutxiagorako. Munduko onenak batu dituen Alacanteko (Valentzia) NPC Worldwide European Championship txapelketan zilarrezko domina irabazi du Bikini Fitness Master kategorian.

Orain urte bi zortzigarren geratu zen txapelketa berean. Beraz, aurrerapausoa nabarmena da. Denboraldia hitzordu horri begira antolatu du eta ikusten zen sasoi betean zegoela —Olympia Amateur Spain nazioarteko txapelketan zilarra irabazi du—, baina halako emaitzarik ez zuen espero. "Gogor prestatu naiz eta urtean zeharreko emaitzek motibatu egin naute, baina munduko onenak batzen zirenez, ez nekien zer itxaron. Oso pozik nago", adierazi du.

Denboraldia amaitu aurretik, bi-hiru aste barru, nazioarteko beste txapelketa batean parte hartuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!