Iurretako alkatearen aurka udal idazkari ohiak jarritako salaketa artxibatu dute

Anboto 2022ko ira. 19a, 14:44

Udal kudeaketan "irregulartasunak" egon zirelakoan Iurretako alkate Iñaki Totorikagunearen eta udaleko kontu-hartzailearen aurka udal idazkari ohiak jarritako salaketa behin betiko artxibatu dituzte, "delitua izan zitekeen egitaterik ez zegoela egiaztatzen zuen autoa berretsi baita". Halaxe jakin eragin dute Iurretako Udaletik.

Auzia behin betiko artxibatuta, "frogatu da ez zegoela inolako oinarririk aurkeztutako salaketetan, eta beste interes batzuen ondorio zirela. Asko eskertzen dut denbora honetan jasotako babesa eta Iurretako bizilagunek helarazi didaten konfidantza", azpimarratu du Iñaki Totorikaguena alkateak.

Udal arduradunek gogoratu dutenez, 2021eko azaroan emandako ebazpen batean Durangoko epaitegiak artxibatu egin zituen du udal idazkari ohiak alkatearen eta udal kontu-hartzailearen aurka jarritako salaketak. Hala ere, idazkari ohiak irizpen hori errekurritu zuen Bizkaiko Probintzia auzitegian. Iurretako udal arduradunek adierazi dutenez, auzitegi horrek joan den irailaren 2an jakinarazi zuen errekurtsoa ezesten zuen uztailaren 26ko autoa; errekurtsoa ezetsi eta aurretiazko eginbideei amaiera ematen zien autoa, eta behin betiko artxibatu zituen eginbideak.

2020ko azaroan, udal idazkari ohiak hainbat salaketa jarri zituen ustezko jazarpen eta prebarikazio kasuengatik, eta Iurretako Udalaren administrazio-prozeduretan "irregulartasunak" aurkitu zituela adierazi zuen. Ordurako, Totorikaguenak erabat ukatu zituen ekintza horiek, eta salaketa haiek “difamaziozkotzat eta kalumniazkotzat” jo zituen, eta "sortutako egoera desatsegina” deitoratu zuen. “Gure aldetik beti defendatu izan dugu udal honen, bertako langileen eta nire lanaren lan ona, eta lan hori inork, inoiz, zalantzan jarri gabe egin da", adierazi zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!