Iurretarrak udalerriaren lehen aipamen historikoa ospatzen ari dira egunotan. Gaur 950 urte betetzen dira Ihurrieta toponimoa historian lehen aldiz idatzita agertu zenetik. 1072ko abuztuaren 26an, Iruñeko Antso IV. Gartzeiz erregeak Amatzako San Martin ermita oparitu zion Donemiliaga Kukulako (Errioxa, Espainia) monasterioari. Dohaintza hura idatzi batean jaso zuen errege iruindarrak. Idazkia Donemiliaga Kukulako kodize batean dago gordeta gaur egun.
Urteurrena ospatzeko, atzo plaka bat ipini zuten elizako arkupean. Ondoren, kalejira egin zuten musikariekin. Gaur, berriz, gertakizun historikoaren azalpena, dantza, meza eta musika izango dute Amatzako ermitan. Datozen egunetan ekitaldi gehiago egongo da. Irailaren 3an, adibidez, Donemiliaga Kukulako monasteriora joango dira, Iurretaren lehen aipamena gordetzen duen kodizea ikusteko. Egitarau osoa hemen kontsultatu daiteke.