6. Amatzako Trikitixa Jaialdiak estilo askotako musikariak batuko ditu

Anboto 2022ko uzt. 1a, 09:30

Iurretako Amatza auzoa trikitilarien topaleku izango da asteburuan, trikitixa jaialdiaren seigarren edizioan.

Hegoi Petite antolatzaileak azaldu duenez, aurten oso estilo ezberdineko musikariak igoko dira Amatzako oholtzara: “Oso estilo ezberdineko trikitilariak ekartzea lortu dugu aurten. Oso tradizionalak direnak, beste instrumentu batzuk, alboka... Modernoagoak diren trikitilariak ere etorriko dira”. Erakustaldiaren ondoren, elkarregaz afalduko dute. Hortxe hasten da jaialdiaren bigarren zatia, mahaiaren bueltan sortzen den giro horregaz.

Seigarren aldia
Petitek azaldu duenez, lehenengo aldian jendeari "mesedeak eskatuta" antolatu zuten, inguruko trikitilariak gonbidatuta. Harrera ona izan zuela ikusita, aurrera jarraitzea erabaki zuten, elkarte bat sortuta, udalari diru laguntzak eskatuta eta abar. Horrela, seigarren ediziora heldu dira. "Auzo txiki batentzat lan handia da. Kanpotik jende asko dator eta ez gaude ohituta hau guzti hau antolatzera. Baina hain harrera ona duenez, merezi du", adierazi du Petitek

Amatzako jaiak

Uztailaren 2a, zapatua
18:00
Donien Atxa eta dantzariak
19:00 Trikitixa jaialdia
• Leonen orroak
• Agurtzane eta Ion Elustondo
• Imanol Arrola, Julen Begoña, Susana Gomez eta Jon Ander Azkue
• Irati Gutierrez eta Amets Ormaetxea
• Gorka Valdés eta Mikel Elizaran
• Iñaki Plaza eta Alex Gómez
Jaialdiaren ondoren, afaria

Uztailaren 3a, domeka
20:30
Tortilla txapelketa eta afaria. Ondoren, Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek

Uztailaren 4a, astelehena
12:00
Meza, eta, ondoren, auzoko dantzariak
15:00 Bazkari herrikoia

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!