"Amatzakoa oso jai polita izaten da. Auzo txiki bat denez, denak inplikatzen dira jaietan”

Anboto 2022ko uzt. 1a, 09:30
Mikel Elizaran eta Gorka Valdés

Amatzako Trikitixa jaialdian Durangaldeko bikote bakarra igoko da oholtzara: Mikel Elizaran Mendarte (Iurreta, 1998) eta Gorka Valdés Etxeberria (Durango, 2000). 

Noiz hasi zineten trikitixa jotzen?
Mikel Elizaran: 15 urtegaz hasi nintzen panderoa jotzen ikasten. Zornotzako Soinu Txiki eskolan ibili nintzen ikasten. Gero, kalejiretan nire kontura irteten hasi nintzenean nahikoa hobetu nuen. 
Gorka Valdés: 9 urtegaz hasi nintzen soinuagaz. Egia esan, ez dakit zehatz-mehatz zergaitik aukeratu nuen musika tresna hori. Gelakideak biolina eta zeharkako flauta jotzen ikusten nituen eta ez zidaten batere inbidiarik ematen. Adin horregaz zeozer aukeratu behar nuela eta, Durangoko trikitixa eskolan ikasten hasi nintzen, Lierni Aranburugaz. Gustura joaten nintzen, baina ez nuen askorik jotzen. Mikelek esandako legez, kalera salto egiterakoan hasi nintzen benetan gozatzen eta abestiak ikasten, 12-13 urtegaz.

Bikote legez jo izan duzue ala jaialdirako elkartu zarete?
M. E.: Aspaldian bat egin dugu kalean, eta hantxe sortu zen jaialdian parte hartzeko aukera. Gorkak bazuen jaialdian jotzeko asmoa eta nik ere jotzeko proposatu zidan.
G.V.: Hegoi Petite antolatzaileak jaialdian parte hartzeko komentatu zidan. Kontua da beti arazoren bat dudala eta ezin dudala jo (barrez). Ikasturtea amaitutakoan, mendira joaten naiz eta jausi egiten naiz beti. Besoan ez bada, hankan izaten dut igeltsua ipinita. Gero, pandemia etorri zen, Omicron delakoa ere bai... Oraingoa behin betikoa dela ematen du eta ea ez dudan arazorik jotzeko. Zapatura arte ondo zaindu beharko dut neure burua.

Zelan elkartu zarete Amatzan jotzeko?
M.E.: Orain dela lau urte-edo elkartu ginen Amatzan. Baina gutxitan jo dugu elkarregaz. Batez ere, aurten. 

Zer prestatu duzue jaialdirako?
G.V.: Hiru bertsio egingo ditugu eta horietatik biren letrak geuk moldatu ditugu.
M.E.: Fandago bat eta arin-arin bat ere bai.

Durangaldeko ordezkari bakarrak izango zarete.
G.V.: Hori presio handia da. 
M. E.: Hau joan egin zaigu eskuetatik.

Zer diotsue ingurukoek?
M.E.: Nire lagunak tropelean etorriko dira ikustera.
G.V.: Kuadrillako bazkaria egin genuen zapatuan. Kartela bidali nuen Whatsapp taldera eta etorri daitezkeela esan nien. Inork ere ez zuen ezer idatzi (barrez). Familia etorriko da. Edozelan ere, Amatzan oso giro ona egoten da. 

Amatzako jaialdiak  badu bere xarma.
M.E.: Jaialdira joan nintzen lehenengo urtean, buelta bat ematera irten nuen, mugikorra poltsiko batean eta giltzak bestean. Lagun bigaz gurutzatu nintzen eta trikitilaria izanda ea Amatzara zelan ez nindoan galdetu zidaten. Eurekin joateko esan zidaten eta biharamunera arte egon ginen elkarregaz, goizeko seiak arte. 
G.V.: Amatzakoa oso jai polita izaten da. Auzo txiki bat denez, denak inplikatzen dira jaietan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!