Goiuria ikastolari buruz galdetuz gero, zer datorkizue burura?
Mapi Zugazartaza: Lehenengo eta behin, egin genituen leku aldaketak datozkit burura. Ez ditut zehatz-mehatz gogoratzen. Sakristian egon ginen oroitzapenik ez daukat. Berriozabalgoitiaren pisukoa bai, eta Nerea Etxegibelen etxekoa ere bai. Gure etxean ere egon ginen, baina ez dut gogoratzen.
Kontatu dizute zuen etxean egon zineteneko ezer?
M.Z.: Amak kontatzen du andereñoa etxera etortzen zela. Inspektoreak etortzen zirenean, lagunen umeak zaintzen zebiltzala esaten zuten. Denbora gutxi izan zen.
Marijo Berrojalbiz: Gero, Nerea Etxegibelen etxera joan ginen, eta han denbora gehiago egin genuen. Bost ume ginen gelan eta oso familiarra zen. Iurretan Ana, Maribi, Uri eta Montse. Kurutziagan Maritere, Isabel Astoreka... etapa horretako andereño guztiak gogoratzen ditut.
Ondoren, Kurutziagara joan zineten?
M.Z.: Baimen guztiekin ikastola sortu zenean pisu batera joan ginen. Gero, gu baino gaztetxoagoak etortzen hasi ziren, hurrengo belaunaldiak. Hortik, LHra Kurutziagara joan ginen.
Durangoko ikastolaren lehenengo pausoak bizi izan zenituzten.
M.Z: Hasieran, aldaketa hori trauma bat izan zen guretzat (barrez).
M.B.: Hemen bost ginen gelan. Familia bat. Durangora joan ginenean, Kurutziagatik etorri zirenak talde handiago bateko kide ziren. Berrizkoak eta Zaldibarkoak ere gehiago ziren.
Kurutziagako gaur egungo kokapenaren lehenengo pausoetan egon zineten. Zelan gogoratzen duzue?
M.A.: Txaletera joan ginen eta hura ere oso familiarra izan zen. Andereñoek eta gurasoek asko parte hartzen zuten.
Auzolan hori gogoan duzue?
M.Z.: Gu Iurretako plazan hazi gara. Ikastolarako dirua ateratzeko, gure amak paper-fabrikatik ekarritako zakuak josten egoten ziren plazan. Arratsalde osoak pasatzen genituen bertan. Gure aitak obretan lanean gogoratzen ditut. Lanetik irten eta gauera arte ikastola sortzera joaten ginen.
M.B.: Batera egoten ginen denok. Iurretan beti izan gara familia bat.
Orain, Maiztegi eta Kurutziaga ikusterakoan, zer sentitzen duzue? Lehenengo pausoetan hortxe egon zineten.
M.Z: Behin fusioa eginda, nire seme-alabak Maiztegira etorri ziren. Aurrerapauso garrantzitsua iruditu zitzaidan.
Elkarrizketa egin dizuete libururako.
M.Z.: Kurutziagako 50. urteurrenaren ospakizunean pentsatu genuen antzeko zeozer egin behar genukeela Goiuria ikastolaren inguruan. Gero, pandemia etorri zen. Kristina Mardarasek deitu zigunean liburua egiteko asmoa zegoela esateko, poz handia hartu genuen.
M.B.: Badirudi ahaztutako zeozer dela, eta transmisioa oso garrantzitsua da. Herrian egindako proiektu bat izan zen, ez bakarrik gurasoek. Herri guztia egon zen inplikatuta proiektu horretan.