Goiuria ikastola

"Baliteke jende askok ez jakitea bere herrian ikastola bat egon zela eta gurasoek zein lan egin zuten proiektua aurrera ateratzeko”

Jone Guenetxea 2022ko eka. 17a, 09:30

Ezkerretik hasita, Markel Onaindia, Kristina Mardaras eta Justo Alberdi

Iurretako Goiuria ikastolaren historia puzzle bat izango balitz lez josi dute. Uriolen eta suteen ondorioz galduriko dokumentazioaren faltan, kronologia osoa testigantzekin eta ikastolaren bueltan ibilitakoek gorderiko paperekin osatu dute. Informazio hori guztia 'Goiuria ikastola, auzolan miresgarri baten historia' liburuan jaso dute. Markel Onaindia Txabarri (Iurreta, 1983), Kristina Mardaras Sedrun (1948) eta Justo Alberdi Artetxe (Iurreta, 1946) izan dira ekimenaren bultzatzaileak, Gerediaga elkartearen eta Iurretako Udalaren laguntzagaz. Jon Irazabal ere bidelagun izan dute.

Zelan sortu zen Goiuria ikastolaren historia jasotzeko asmoa?
Kristina Mardaras: Egindako lan guztia galduta geratu beharrean, lan horren berri ematea izan da helburua. Batez ere, osteko belaunaldiei transmisioa egitea gura genuen. Gazteek ez dezaten pentsatu euskara goitik behera berez mantentzen den gauza bat dela, edo Jaurlaritzak eskolei eman diela. Esango genuke Goiuria ikastolaren sorrera Euskal Herrian egindako iraultza kultural baten barruan sartzen den atal bat izan zela. Baina gure ekarpena kontatu behar genuela uste dugu. Berezia izan zela uste dut, batez ere auzolanean egindakoa izan zelako. 
Justo Alberdi: Liburua lantzerakoan asko emozionatu gara, gauza askogaz konturatu garelako. Negar anpuluren bat ere jausi zaigu. Jende asko elkarrizketatu dugu, kolore guztietakoa. 

Izan duzue zailtasunik Goiuria ikastolako dokumentazioa batzerako orduan?
K.M.: Bagenekien dokumentazio aldetik zailtasunak izango genituela, 1983ko urioletan dokumentu asko galdu zelako eta sute bat ere egon zelako. Zailtasun horren aurrean, argi genuen elkarrizketak egin behar genituela. Horregaitik, adineko jendea elkarrizketatzen hastea erabaki genuen.
J. A.: Kristinak eta biok bagenuen oinarri bat, idazkari izan ginelako Goiuria ikastolako batzordean. Zorionez, paper zaharrak gordetzeko ohitura txar hori dugu eta bagenituen karpeta batzuk, Goiuria ikastolakoak eta Kurutziaga ikastolakoak, baita Gerediaga elkartekoak ere. Izan ere, Iurretako ikastolako batzordean egon nintzen urteetan Gerediaga elkarteko Kirikiño Sailean idazkari egon nintzen. Kirikiño Sailak Durangaldeko ikastolen koordinazioa egiten zuen. 

Markel, zein ekarpen egin duzu proiektu honetan?
Markel Onaindia: Ia 60 elkarrizketa egin ditugu. Liburua horretan oinarritzen da. Bideoan ere grabatu ditugu eta uda ostean dokumentala egingo dugu. Kronika estiloan idazten ahalegindu naiz. Bestalde, urte asko pasatu denez, batek esandakoaren eta besteak gogoratzen zuenaren artean, datu historiko batzuk koadratu behar izan ditugu. Puzzle hori nahiko ondo osatu dugu. Hasieran, kostatu zitzaigun hamahiru urteren barruan orden kronologiko bat ezartzen. Batez ere zenbat bider zarratu zen, noiz zabaldu zen... 

Itxierei dagokienez, Goiuria ikastola zenbat bider zarratu zuten?
M.O.: Ikastola birritan zarratu zen. 1969ko maiatzean eta 1971ko martxotik aurrera hile batzuetan ere bai. Epe horietan, ikastolako guraso batzuen etxera joan behar izan zen. Ikastola klandestino lez funtzionatu zuen. Elizan eta sakristian ere eman ziren eskolak.

Goiuria ikastola non egon zen kokatuta?
J.A.: Julian Berriozabalgoitiaren etxean eta Urrestitarren akademian ere egon zen. Ondoren, CINSA argitaletxearen laguntzagaz pisu bat erosi zen. Pisu hori saldu egin zen eta diru horregaz gaur egun Goiuria kultur etxea dagoen lekuan kokatu zen. CINSAk diru hori dohaintzan eman zuen.

Kronologia horretan, zer nabarmenduko zenukete?
M.O.: Ildo kronologiko horren barruan, ikastolaren bultzatzaile izan zirenek proiektua aurrera ateratzeko egindako ahaleginari garrantzia ematen ahalegindu naiz. Zarratu zuten aldi bietan zelan eutsi zioten eta zelan lortu zuten 1972an ikastola legalizatzea. Prozesu hori guztia liburuan jasota dago eta oso interesgarria da ikustea, ekonomikoki finantziazio barik egonda, gurasoek zelako auzolana egin zuten espazioak sortzeko. Sasoi hartan ikastolen aldeko mugimendu handi bat sortu zen. Oso anitza izan zen gainera. 

Durangaldean zein mugimendu zegoen ikastolen arloan?
K.M.: 1966an Kurutziaga sortu zen, eta han ere inspektorearen aitzurra sufritu zuten. Egun batzuetan ikastola zarratu egin zieten. Leopoldo Zugazak kontatu zigun Madrilera joan zela hori negoziatzera. Sasoi hartan, Oleanean eta euren etxean izan zituzten umeak. Inspektorea zetorrenean, zarratu egin behar izaten zen. Ez Iurretan bakarrik. Sasoi hartan, Zaldibarkoak ere Kurutziagara joaten ziren. Bakoitzak bere eskolaurrea zuen herrian, baina Lehen Hezkuntza eskaini ezin bazuten, Durango izaten zen topagunea. Horrela adostu genuen. Elorriok eta Berrizek LH euren herrietan izan zuten. Hasieran, Abadiñoko Traña-Matienakoak eta Atxondokoak Durangora etortzen ziren. Gero, Atxondotik Elorriora joaten hasi ziren. Beraz, eskualdera begira lan egiten hasi ginen. 
J.A.: Durangoko ikastola 1966an sortu zen.1967an Zornotzakoa. 1968an Iurretakoa, Otxandiokoa, Elorriokoa, Zaldibarkoa eta Traña-Matienakoa, batera samar. Durangoko ikastola, sasoi hartan, Kurutziagan zegoen. Hirugarren urtean, leku arazoa sortu zen. 1969an, Durangok LH 1. maila martxan ipini behar zuen eta lekua behar zuen. Hor, Gerediagako Kirikiño Sailaren ekarpena batzordea sortzea izan zen, LH Durangalde osorako zentro bat egiteko. Ikastola berri bat behar zela erabaki zen eta Kurutziaga ikastolako txaleta erosi zen.
M.O.: Ikerketa interesgarria da, batez ere sasoi hartan Durangaldean sortu ziren gainerako ikastolen inguruan ere berba egiten delako. Baliteke jende askok ez jakitea bere herrian ikastola bat egon zela eta gurasoek zein lan egin zuten proiektua aurrera ateratzeko. Interesgarria izan daiteke beste herri batzuetan ere arakatzeko. 

Urte batzuk geroago, Goiuria ikastola Maiztegi eskolako proiektura batu zen.
M.O.: 1980-1981 ikasturtea Goiuria ikastolaren azkenengo urtea izan zen. Sasoi hartan, Eusko Jaurlaritzatik izaera publiko edo pribatua izateko aukera planteatu zitzaien hainbat ikastolari. Eusko Jaurlaritzak Hezkuntzako konpetentzia hartu berri zuen eta eskola publikoa martxan ipintzen zebiltzan. Iurretaren kasuan publifikatzea onartu zen, hemen zegoen Maiztegi eskolara batuz. Ordura arte, gaztelaniazko eskola bat zen eta kurtso oso horretan eztabaida sortu zen. Jaurlaritzagaz negoziatu zuten, eta akordio horren barruan hainbat elementu egon zen eskola euskalduna izango zela ziurtatzeko: eskola D eredukoa izango zela, Goiuriako irakasleak Maiztegira joango zirela eta 10 urterako jarraipen batzorde bat egongo zela. 
K.M.: Gurasoek diote fusio horrek merezi izan duela. Linea pedagogikoak jarraitzen du, herriagaz hartu-eman handia duena. 
J.A.: Sasoi hartan Iurreta pizten zebilen, oraindino Durangoren menpe zegoen arren. Kurutziaga bete zenean, ikusten zen gure umeak deserriratzen ari zirela modu batean. Iurretak eskola herrian behar zuela ikusi genuen. Hori fusioaren alde egiteko arrazoi bat izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!