#0km

Iurretan herriko merkataritzan erostea eskertzeko kanpaina abiatu dute

Anboto 2021ko abe. 22a, 11:36

Iurretako Udalak eta Dendak Bai Durangaldeko merkataritza elkarteak elkarlanean ekintza sorta antolatu dute Gaboneri begira. Herriko merkataritzan erosten duten herritarrekin "detaile bat" izatea dute helburu. Txu Txu trena egongo da abenduaren 28tik 30era, eta, opari zuzena duen erosketa kanpaina jarriko dute martxan Cafés Baquegaz batera.

Iurreta eta Durangoko kaleak zeharkatuko dituen Txu Txu trena Correos -en bulegoaren aurrean hartu ahal izango da, honako ordutegian: 11:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara.

Bestalde, herriko establezimenduetan 50 euroko erosketa eginda katilu bat eta Cafés Baquéren infusio sorta bat jasoko dute herritarrek. Ez da beharrezkoa izango 50 euroak erosketa berean eta establezimendu berean egitea, kanpainaren sustatzaileek azaldu dutenez. Opari hori Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) jaso ahal izango da, erosketa tiketak eta nortasun agiria erakutsita. Izakinak amaitu arte luzatuko da kanpaina.

Kanpainaren berri emateko udalak 1.500 flyer banatuko ditu herriko etxeetan. Kanpainaren oinarriak www.iurreta.eus edo www.dendakbai.eus atarian ikusi daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!