[ARGAZKIAK eta BIDEOA] Iurretako Heki taldeko gazteak gaur estreinatu dira 40 kiloko zakuarekin eta 14 kiloko ingudearekin

Anboto 2021ko urr. 17a, 14:35

Orain arte 14 kiloko zakuarekin eta 7 kiloko ingudearekin  ibili izan dira.

Gaur eguerdian Bizkaiko zaku-eramate txapelketa lehiatu dute Iurretako Kepa Arroitajauregi pilotalekuan. Gazte mailan parte hartu duten zazpirak Heki taldekoak izan dira. Denek 17 urte dituzte. Orain arte 14 kiloko zakuarekin ibili izan dira, baina gazte mailara heldu direnez, 40 kilokoa bizkarreratu behar izan dute gaur euren ibilbidean lehenengoz.

Hauxek dira zazpi gazteak:  Iker San Anton, Aimar Unzueta, Iker Montero, Eder Montero eta Oxen Azkorbebeitia iurretarrak, eta,  Aidan Garcia eta Aimar Etxenagusia durangarrak. Iker San Anton geratu da Bizkaiko txapeldun.

Guzti-guztiak 2014-15 inguruan hasi ziren herri kiroletan, Heki taldean. Euretako asko beste kirol batzuetan dabiltza (Iker San Anton pilotan Olaburu taldeagaz, Aidan Garcia triatloietan Mugarra klubagaz, Oxel Azkorbebeitia bizikletan 'bicicletas.com' taldeagaz, Eder Montero eta Iker Montero anaiak futbolean Iurretakogaz…), baina ez dute herri kirolen taldea uzteko asmorik. "Afizioa dugu. Jon Iñaki Etxanizek [entrenatzailea] lan handia egiten du eta gu gustara ibiltzen gara. Gainera oso ondo pasatzen dugu lagunartean. Ahal dugun toki denetara joaten gara eta ez dugu uzteko asmorik", azaldu du San Antonek. Zaku-eramatea "gogorra" egin zaiola onartu du: "Aldaketa handia da, egia esanda".

Zaku-eramate txapelketaren ostean ingude erakustaldia egitera ere animatu dira: 14 kilokoa jaso behar izan dute, orain arte 7 kilokoarekin aritu direnean. Agerian geratu da teknikoki asko dutela ikasteko, baina euren lana txukun egin dute Etxanizen aginduei jarraituz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!