Gurutze Fradesek bigarren tokian amaitu du Chattanooga Ironmana eta 2022ko munduko txapelketarako sailkapena lortu du

Anboto 2021ko ira. 27a, 10:32
(Artxiboko irudia)

Chattanooga hirian (AEB, Tennesee) lehiatutako Ironmanean parte hartu zuen atzo.

Sekulako igeriketa saioa egin zuen, bere Ironman ibilbideko onenetakoa. Rachel McBride liderrarengandik 5.25 minutura irten zen uretatik. Bizikletako 180 kilometroetan berea eman ostean, postu bat baino gehiago aurreratu zuen korrika. Tarte horretako 10. kilometroan hirugarren tokian kokatu zen Skye Moench estatubatuarra aurreratuta. Ondoren, 21. kilometroan Melanie McQuaid  kanadiarra ere gainditu zuen bigarren postua segurtatuz. 

Chattanoogako Ironmanean 2022ko urrian Konan lehiatuko den munduko txapelketarako lau txartel banatu ziren —bina emakumeetan eta gizonetan— eta Fradesek eskuratu zuen euretako bat. Seigarren parte hartzea izango da bata bestearen atzetik. Bere palmares oparoa loditzeko balio duen beste lorpen handi bat da Imedusa babesle duen eta Mugarra Triatloi Taldean dabilen triatloilariarentzat.

Aurtengo munduko txapelketan ere ariko da Frades, baina urrian beharrean 2022ko otsailaren 5ean izango da. Antolatzaileek abuztuan iragarri zuten proba atzeratu egingo zela, Hawaii-n COVID birusaren agerraldi berri bat eman zelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!