Gurutze Frades Konako munduko txapelketara sailkatu da, Tulsako Ironmana bosgarren tokian amaituta

Joseba Derteano 2021ko mai. 24a, 10:29
Gurutze Frades Tulsako Ironmanean helmugaratzen.

Iurretako triatloilariak sekulako lasterketa egin du beste behin.

Atzo, Tulsako (AEB) Ironmanak munduko txapelketara sailkatzeko hiru txartel banatu zituen eta euretako bat Gurutze Fradesek (Iurreta, 1981) lortu zuen. Urrian, bosgarren bider segidan parte hartuko du Konako hitzorduan. Iurretarra lortzen ari denak sekulako meritua du. Urtea joan eta urtera etorri goi mailako errendimenduari eusten dio eta munduko onenen olinpoan jarraitzen du.

Gainera, aurtengo sailkapena inoiz baino zailago egon da. Pandemiak lasterketa kopurua gutxitu du eta hitzordu bakoitza munduko espezialista onenen bilgune bihurtu da. Zorionez, espezialista horien artean dago Mugarra Triatloi taldean dabilen iurretarra.

Atzo bosgarren tokian amaitu zuen Tulsako Ironmana. Uretatik ondo kokatuta irten zen eta, ohi moduan, bizikletan eta korrika ibili zen ondoen.Hainbat postu aurreratu zituen, bosgarrenera igo arte. 4 kilometro igerian, 180 bizikletan eta 42 korrika eman ostean, honako hau izan zen bere denbora helmugan: 09.02.19.

Azpimarratzeko datu bat. Korrika egindako 42 kilometroetan lortutako denbora Ironmanetan inoiz lortu duen onenetakoa da. 2019an, Hegoafrikan, 2.52.40an osatu zuen distantzia hori eta atzo 13 segundo gehiago bakarrik behar izan zituen. Goi mailako lana.

"Denbora luzea neraman Ironman distantziari aurre egin barik eta zalantzak nituen. Ez da erraza izan baina sufritzen, borroka egiten, sentitzen, gozatzen eta momentua bizitzen jakin dudala uste dut", adierazi du sare sozialetan.

SAILKAPENA

1- Daniela Ryf................................. 08.40.34

2- Katrina Matthews..................... 08.45.35

3- Skye Moench............................. 08.47.45

4- Heather Jackson...................... 08.57.58

5- Gurutze Frades.................... 09.02.19

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!