Argazki bilketa hasi dute Iurretako Goiuria ikastolaren ikerketa lana osatzeko

Anboto 2021ko ira. 15a, 11:27

Goiuria ikastolako bolondres eta guraso izan ziren herritar batzuek ikerketa bat abiatu dute, orduan eginiko lana gogora ekarri eta eskertzeko. Eta, herritarrek etxean izan ditzaketen dokumentu eta argazkiak helarazteko deia egin dute.

Goiuria Ikastola 1968an zabaldu zuten, Durangaldean eta Euskal Herrian sortu ziren ikastolen mugimenduaren baitan. "Oraindik diktaduran geundela, euskaraz ikastea debekatuta zegoen, eta sasoi hartako guraso eta euskaltzale ugarik ahalegin itzela egin zuten egoera horri buelta emateko", egitasmoaren bultzatzaileek azaldu dutenez. Bizi zuten egoera ez zen erraza. "Horren adibide garbia da zabaldu eta lehen ikasturtean bertan Goiuria ikastola zarratu egin zutela". Ondorioz, herritar batzuek lagatako etxeetan zein elizako sakristian eman zituzten eskolak behin baino gehigotan. 1972an legeztapen bat lortu zuten.

1981ean, herriko ume asko bertatik pasa ondoren, gurasoek eta Eusko Jaurlaritzak Maiztegi eskola publikoagaz fusionatzea adostu zuten. Ikastolako lokala zena udalari eman zion gurasoen kooperatibak, eta gaur egun herritarren eskura dagoen kulturgune bat da. 

Garai hartako dokumentu gehienak desagertu egin ziren sute batean eta 1983ko uriolen eraginez. Horrek ikerketa lana zailtzen du. Hartara, informazioa berreskuratzeko asmoz, sortzaile eta kide izan ziren gurasoak, andereñoak, ikasleak eta boluntarioak elkarrizketatzen dihardute ikerketa taldekoek. Dokumentuak eta argazkiak batzen ere badabiltza, eta euren etxeetan zerbait izan dezaketen herritarrei horiek helarazteko deia egin diete. Honako helbide elektronikora bidali daitezke: goiuriaikastola@gmail.com

Ikerketa osatu eta gero, liburua eta ikusentzunezkoa argitaratuko dira, Goiuria ikastolaren historia kontatu eta transmitidu dadin. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!