#0km

Iurretak 30 urte bete dituela ospatzeko, kanpaina berria hasi dute udalak eta Dendak Baik

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 21a, 17:13

Iurretako komertzioetan erosten duten herritarrek kristalezko kopa berezi bi jaso ahalko dituzte. Kopek, Iurreta Durangotik banandu zeneko 30. urteurrena dute grabatuta.

Iurreta Durangotik banandu zela 30 urte pasa direla aprobetxatuta, Iurretako Udalak eta Dendak Bai merkatarien elkarteak kanpaina berezia hasi dute. Urteurrena oroitzen duten kristalezko kopa bi banatuko dizkiete herriko komertzioetan 50 euro baino gehiagoko gastua egiten duten herritarrei.

Kristalezko kopak lortzeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzura joan behar da, eta tiketen bidez justifikatu beharko da erosketak herrian egin direla. Dendak Baik azaldu duenez, 50 euro horiek ez dira zertan erosketa bakarrean kontsumitu. Tiketen batura hartuko dute kontutan.

Kanpaina gaurtik aurrera dago martxan, kopak agortzen diren arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!