Gurutze Fradesek 30. tokian amaitu du Daytonako autodromoan lehiatu den Munduko Txapelketa

Anboto 2020ko abe. 6a, 20:08
Fradesek Daytonako autodromoan egindako entrenamendu saio bateko irudia (Argazkia: Instagram: Gurutze Frades)

3.43.28ko denboran amaitu bere lana: kilometro bi igeri, 80 bizikletan eta 18 korrika.

PTO triatleta profesionalen erakundeak antolatutako Daytona Challenge probak munduko triatloilari onenak batu ditu gaur Floridako (AEB) autodromo famatuan. Munduko txapelketa zegoen jokoan eta izen handi guztiak hantxe izan dira, baita Gurutze Frades iurretarra ere. Parte hartzaileen maila ikusita, 30 onenen artean sailkatzeko borrokan ibili gura zuen iurretarrak eta helburua lortu du: 30. tokian amaitu du proba.

Triatloilariak ez dira autodromotik irten. Azpiegitura erraldoiaren barruko lakuan aritu dira igerian eta, ondoren, obaloari itzuliak eman dizkiote bai bizikletan eta bai korrika. Frades 41. tokian heldu da lehenengo trantsiziora. Honakoa bere denbora igerian: 31.09. Bizikletako 80 kilometroak 1.59.06ko denboran amaitu ditu. Korrika postu batzuk aurreratu ditu, 18 kilometroak 1.10.18ko denboran osatuta. Azkenean, dena gehituta, honako hau izan da bere denbora: 3.43.28.

Munduko txapelketa Paula Findlay kanadiarrak irabazi du: 3.24.55. Anne Haug (+2.37) eta Laura Philipp (+5.05) alemaniarrek osatu dute podiuma. 

Findlay txapelduna, Gurutze Frades aurreratzen, helmugara heltzeko metro gutxiren faltan. Obaloan aritu direnez, triatloilariek sarritan egin dute topo.

Daytonako autodromoa, emakumeen munduko txapelketa hastear zela:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!