Gurutze Frades iurretarra prest dago munduko txapelketa berri eta anbiziotsuan onena emateko

Joseba Derteano 2020ko aza. 28a, 11:20

Gurutze Fradesek esperientzia handia du munduko txapelketetan, baina abenduaren 6an Floridan  (AEB) lehiatuko duena berezia izango da, hainbat arrazoirengaitik. Batetik, antolatzaileengaitik: Ironman markari aurre eginez, egutegi propioagaz triatloien plazara indartsu sartu den PTO triatleta profesionalen erakundeak —USA Triathlon erakundeagaz batera— antolatutakoa izango da. Bestetik, probaren kokapena berezi-berezia da: Daytona autodromoa, auto lasterketa mitiko bi, Daytonako 500 miliak eta Daytonako 24 orduak, hartzen dituen azpiegitura erraldoia.

Lasterketako distantziak ohi baino laburragoak dira Fradesentzat; Ironman probetako distantzien erdia: kilometro bi igeri, 80 bizikletan eta 18 korrika. Hori dela-eta, azken urteetako prestakuntza, distantzia luzeetara bideratutakoa, moldatu egin behar izan du. "Orain arte, bolumen handiko entrenamenduak saio laburragoekin uztartu ditut. Orain, abiaduran eta intentsitatean oinarritutako saioetan zentratu naiz batez ere".

Gorputzak ondo erantzun dio prestaketa berriari. "Beste mota bateko nekea da, baina gorputzak ondo eutsi dio intentsitate handi horri eta saio denak aprobetxatu ahal izan ditut", adierazi du.

Beraz, astelehenean sasoi betean hartuko du hegazkina, Floridarantz abiatzeko. Arazoa da probako maila izugarri handia izango dela. "Aurtengo lasterketarik inportanteena ez ezik, azken urteetan egin den garrantzitsuena dela iruditzen zait. Distantzia luzeko eta olinpikoko onenak batuko dira. Sekula ere ikusi ez den moduko maila egongo da", adierazi du. Horregaitik, 25-30 onenen artean sailkatzea "oso lasterketa ona" egitea litzatekeela uste du eta horretan ahaleginduko da.

Igerian aurrekoak bistan mantentzea da helburua, denbora larregi ez galtzea. Bizikletako tartea eta, batez ere, korrika egitea dira bere espezialitateak. "Oso arin korrika egiteko moduan nago. Arazoa da han denak ibiliko direla arin", gogoratu du.

Erakunde berriari buruz
Triatleta profesionalen erakundea 2014an sortu zuten, triatloiari hauspo berri bat emateko eta triatloilari profesionalei tratu justuago bat emateko helburuz. Harrezkero, asko hazi dira. Diru asko eta baliabideak lortu dituzte hainbat bidetatik eta egutegi propioa prestatu dute.

Gurutze Fradesi gustatzen zaio orain arte ikusi duena. "Gure ogibide profesionalari forma eman gura diote. Esaterako, amatasun baja sustatuko dutela esan dute eta Floridara joateko bisatuak denbora dezente aurretik kudeatu dizkigute", esan du. Sarietan ere badago aldea. Floridako proban milioi bat eurotik gorako sariak banatuko dituzte parte hartzaileen artean.

Auto lasterketetako autodromo mitikoa triatloilarien zerbitzura

Munduko onenak nor baino nor gehiago arituko dira, baina ez da motor hotsik entzungo. Asteburu batez, triatloilarien tenplua bihurtuko da Daytonako autodromoa. Obaloaren barruan 73 hektareako azpiegitura erraldoia dago, 12 hektarea dituen  Lloyd izeneko laku propio eta guzti. Triatloilariek hantxe egingo dute igeri, eta ondoren obaloan arituko dira bizikletan eta korrika. Gorabeherarik bako ibilbidea denez, ohi baino denbora hobeak ikusi ahalko direla uste du Fradesek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!