#0km

"Ez dugu laguntzetatik bizi gura, lana egin gura dugu. Ez dugu haien ogi-apurrik gura"

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 13a, 18:09

Zapatua zen. Bilboko kaleak jendez lepo. Ostalariz lepo. Edo hobeto esanda, haserre dauden ostalariz lepo. Eta tartean, Durangaldeko batzuk ere bai. Tabernari eta hornitzaileek manifestazioa egin zuten Bizkaiko hiriburuan, joan zen asteburuan. Iurretan, ostera, deialdi propioa egin zuten. Herriko hainbat ostalari Askondo plazan batu ziren, protestan. Eta haien ondoan, herritarrak. Euretariko asko, bezeroak. 

 

Protesta hartatik tiraka, Iurretako hainbat ostalarigaz batu da ANBOTO. Mahai baten bueltan batu ditu La Guipuzcoana jatetxeko Azucena Muñóz eta Arantza Ajuria, Oreka tabernako Yomara Crespo, eta Gauargi tabernako Vanesa Delgado eta Lorena Porras. Zapatuan herritarrekin egin zuten protesta, haien bezerorik gertukoenekin.  Eurekin akordatu da Lorena Porras. "Bezeroek eskupeko mordoa eman ziguten barikuan, tabernak zarratu aurreko azken egunean. Izugarria izan zen", dio. Muñozek hauxe gaineratu du: "Egia da. Gure tabernan ere berdin. Gogoan dut gure bezero bategaz gertatutakoa. Bezeroak gure tabernan bazkaltzen du egunero. Urtean 324 egunetan lan egiten badugu, bezero hori 324 egunetan etortzen da bazkaltzera. Bada, barikuan, taberna zarratu aurretik, 10 euroko eskupekoa eman zidan. Gizonezkoa negar batean zegoen. 'Badakit hau ez dela ezer, ezin dudala askorik lagundu', zioen. Negarrez zegoela eskaini zidan eskupekoa”.

"Taberna itxi aurretik eskupekoa eman zidan bezero batek; gizona negar batean zegoen"

Horrelako egoerak bizi izan zituzten barikuan. Baina zapatutik aurrera, dena isildu zen. Negozioak zarratu egin behar izan zituzten eta kezka azaleratu zen aldi berean. Ostalari bakoitzak bere egoera azaltzeari ekin dio. "Guk orain urtebete erosi genuen taberna, eta ezin diogu eutsi beharrik egin ezean. Bai, gazteak gara, beharbada topatu dezakegu beste lanen bat, baina eskatutako mailegua ordaintzera bideratu beharko genuke diru guztia", azaldu du Gauargiko Vanesa Delgadok. Orekako Yomara Cresporen egoera ere antzekoa da: "Taberna hartu eta berriztatu egin genuen. Mailegu bat eskatu behar izan genuen eraberritzea finantzatu ahal izateko. Orain, bost urteko mailegu-ordainketari egin behar diogu aurre".

Haserrea eta ezinegona dute Iurretako tabernariek. Muñozek gobernuko agintarienganako "dezepzioa" duela dio: "Engainatuta sentitzen naiz. Berbaz esandako dena  gezurra da, itxurakeria baino ez. %50ean lan egiteko eskatu digute orain arte, bitartean gastuen %100 ordainduta. Autonomoen kuota igo egin digute, eta bitartean, kontratatutako beharginak ERTEtik ateratzen eta sartzen ibili gara. Gainera, agindu zizkiguten laguntzak jaso barik ditugu oraindino". Arantza Ajuriak ere ildo horri jarraitu dio: "Guk dioguna da, diru sarrerak zero badira gastuek ere zero izan behar luketela. Zertarako balio digu 300 euroko laguntza batek gero hipoteka bat eta alabaren unibertsitate ikasketak ordaindu behar baditut?", galdetu du. "Nik ez dut laguntzetatik bizi gura. Nik lana egin gura dut. Ez dut euren ogi-apurrik gura. Utzidazu lan egiten. 14 ordu sartuko ditut gura badut, baina utzi lanean", azpimarratu du Muñozek.

"Orain urtebete erosi genuen taberna, eta ezin diogu maileguari eutsi beharrik egin barik"

Iurretako ostalarien esanetan, handia ala txikia izan desberdinak dira agintarien irizpideak. Honako hau dio Lorena Porrasek: "Enpresa handietan ere egoten dira positiboak. Zergaitik ez dituzte hango datuak ematen? Zergaitik ez dituzte enpresa horietan itxierak egiten han kutsatze-fokuak baieztatzen diren kasuetan? Hemengo taberna batek negozioa zarratu zuen egun batzuetarako, foku bat agertu zelako. Egun batzuk gerora, berriro zabaldu zuen. Eskoletan ere horrela dabiltza. Baina gure sektorean taberna guzti-guztiak zarratzeko erabakia hartu da. Denak, kolpetik. Zergaitik?". Orain kexatzen ez bagara, zer gertatuko da? Zer gertatuko da udaberrian egoera honek horrela jarraitzen badu? Protesta egitea geratzen zaigu, zarata egitea. Ea entzuten diguten".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!