Airearen kalitatea

Airearen kalitateari buruzko batzorde berezi bat sortzea eskatu du Iurretako EH Bilduk

Aitziber Basauri 2020ko urr. 1a, 11:48

Airearen kalitateak "kezka handia" sortzen duela eta, koalizio subiranistak "ausardiaz" jokatzeko deia egin dio Iurretako gobernu taldeari. Iurretako Udalak Jaurlaritzagaz eskatu duen premiazko batzarrean parte hartzea ere eskatu du EH Bilduk. 

Iurretako udalbatzak osoko bilkura egin zuen atzo iluntzean. Galdera eta erreguen txanda ailegatu zenean, EH Bilduk airearen kalitatea lantzeko batzorde berezi bat sortzea eskatu zion alkateari. Eunate Zarrabeitiak adierazi zuen gaiak "kezka handia" piztu duela herritarren artean, eta "ausardiaz" jokatzeko unea dela azpimarratu zuen. Gaia "gardentasunez"eta "zintzotasunez" lantzea merezi duela gaineratu zuen. "Osasuna bermatzea izan behar da helburu eta herritarrak babesteko pausoak emateko momentua da. Denori dagokigun gaia da".

Zarrabeitiak azpimarratu zuen, "premiaz eta irmotasunez" lanean hasi ahal izateko ahalik eta arinen sortu behar dela batzorde berezi bat, eta industria jarduerak araudia bete dezan "zorrotz" jokatu behar duela udalak: "Araudia betearazteko eskumenik ez badu udalak, eskumena duenari hala egin dezan exijitu behar dio".

Iñaki Totorikaguena alkateak nabarmendu zuenez, "ingurumena, airearen kalitatearen kontrola eta prebentzioa Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren eskumena da. Hala behar badu isuna jartzea ere berari dagokio". Ildo horretan, Ingurumen Sailaren lanean "uste osoa" duela gaineratu zuen. "Interes berdina dugu denok, aire berdina arnasten dugu denok". 

Alkateak gogoratu zuen Iurretako Udalak Ingurumen Sailari eskatu diola emisio fokuak identifikatzea, aztertzea eta neurriak hartzea, horretarako behar duen laguntza eskainiz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!