Gurutze Fradesek brontzezko domina eskuratu du Bilbon lehiatu den Espainiako distantzia erdiko triatloi txapelketan

Anboto 2020ko ira. 26a, 17:46

(Artxiboko irudia)

2013an irabazi zuenetik, txapelketa honetan parte hartu barik zegoen.

Haizea, euria, hotza... Eguraldi zakarra aurkitu dute gaur Bilboko triatloian aritu diren 500 parte hartzaileek. Nazioarteko izen handiekin batera, estatu mailako triatloilari onenak batu dira, distantzia erdiko Espainiako txapelketa jokoan zegoelako.

1.9 kilometro igerian eta 82 bizikletan egin ostean, Gurutze Fradesek (Iurreta, 1981) bosgarren tokian hasi da korrika eta laugarren postuan helmugaratu da (4.28.50). Probako irabazlea, Anneke Jenkins, zeelanda berritarra denez, Fradesek brontzezko domina irabazi du. Laura Gomezentzat izan da urrea eta Judith Corachan-entzat zilarra.

2013tik hona Espainiako distantzia ertaineko triatloi txapelketan parte hartu barik zegoen triatloilari iurretarra. Kordobako Posada herrian lehiatutako txapelketa hura irabazi egin zuen. Bilboko triatloia irabaztea zer den ere badaki, 2015ean nagusitu egin zelako.

Gizonetan Javier Gomez Moya izan da onena gaur (3.39.06), Collin Chartier eta Gustavo Rodriguezen aurretik. Gonzalo Fuentes donostiarra izan da lehenengo euskalduna bosgarren tokian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!