Iurretan 34 boluntariok jositako berriro erabiltzeko 3.800 maskara higieniko banatuko dituzte datozen egunotan

Aitziber Basauri 2020ko uzt. 14a, 13:04
Iurretako Udalak eskerrak emateko ekitaldi batean batu zituen 34 boluntarioak, uztailaren 9an

Iurretarrentzat berriro erabiltzeko 3.800 maskara higieniko josi dituzte borondatez 34 lagunek eta "egindako ahalegin solidario eta desinteresatuagatik" bere esker ona agertu die udalak. Egindako maskarak datozan egunotan hasiko dira banatzen bai auzoetan, baita herrigunean ere. Herritarrei eskatu die udalak COVID-19 berragerraldiak saihesteko bitarteko eraginkor gisa erabil ditzaten.

Iurretako Udalak josteko makina bat duten herriko boluntarioei maskarak josteko laguntza eskatu zien maiatzean. Euren etxeetan ehun-maskarak modu altruistan egiteko deialdi horrekin bat egin zuten 34 boluntariok eta, datozen egunetan, iurretarren artean banatuko diren 3.800 maskara josi dituzte. Udal arduradunek azaldu dutenez, etxe bakoitzera gutun-azal bat iritsiko da, dagokion maskara-kopuruarekin eta inprimaki batekin, bertan erabilerari eta garbitasunari buruzko informazioa jasoko da.

Jositako maskara berrerabilgarriak

Berriro erabiltzeko maskara higienikoak dira josi dituztenak, ahoa, sudurra eta kokotsa estaltzeko. Udal arduradunek gogoratu dutenez,  "gainontzekoak babesteko tresna gisa erabiltzeko maskarak dira, horrela kutsatzeak saihestuz eta Koronavirusa transmititzeko arriskua murriztuz". Era berean, nabarmendu dute, maskara eguneroko bizitzako "ezinbesteko eta funtsezko elementua" izan behar dela. Horregatik,  udalak dei egiten die herritarrei, COVID-19ren berragerraldiak saihesteko bitarteko eraginkor gisa erabil ditzaten.

Maskarak egiteko  beharrezko materiala eman zien udalak 34 boluntarioei, maskarak egiteko piezak josteko moduan markatuta. Tutoretza-bideo bat ere helarazi zien, maskarak egiteko argibideekin.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!