Egokitzapen txiki bat eginda, Zaldai Mendi Taldeak bere Mendi Erronkari eutsi dio

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 11a, 10:53
2018 urteko Mendi Erronkaren irudi bat. ARTXIBOA.

Iurretako Zaldai mendi taldeak egokitzapen txiki bat egin du bere urteroko Mendi Erronkan. Arautegia aldatu du. Bost eremuetako 10 tontor igo barik, nahikoa izango da lau eremutako 8 tontor igo direla frogatzea. Bestelako egitasmoak ere azaldu ditu mendi taldeak.

Konfinamenduaren osteko mendi bueltak direla-eta, Iurretako Zaldai Mendi Taldeak hainbat erabaki hartu ditu. Aldaketa batzuk egin ditu jada urteroko ohitura bihurtu duen Mendi Erronkako arautegian. "Normaltasun berrian ez dugu mendira joateko eragozpenik eta horrek konfinamendu osteko garai hau asko arindu digu. Hala ere hilabete batzuk pasa ditugu mendi ezberdinak bisitatzeko aukerarik gabe, eta hori ikusita, Mendi Erronkako arautegian ere aldaketatxo batzuk egin ditugu aurtengo erronka eskuragarriagoa egiteko. Hala, aurten, zerrendako 5 eremu ezberdinetako 10 mendi igo beharrean, 4 eremutako 8 mendi igotzea nahikoa izango da erronka amaitutzat emateko", azaldu dute Mendi Taldeko iturriek.

Iurretako mendi martxa ez; argazki lehiaketa bai

Zaldai Mendi Taldeak Iurretako mendi martxa antolatu ohi du irailero. Bada, aurtengoa ez egitea erabaki du. Jende pilaketak saihestu gura dituzte. "Mendi martxako irteera unean, hornidura puntuetan eta ibilbideko zenbait puntutan gertatzen diren jende pilaketak saihestezinak iruditzen zaizkigu eta distantziamenduak gainera mendi martxaren izaera herritarra ere gutxituko lukeela uste dugu", arrazoitu dute.

Bestalde, egin, egingo diren bi ekintza aurreratu dituzte. Argazki lehiaketa izango da bata, eta Mendi astea bestea. Argazki lehiaketa Mendi erronkari lotua dago. Erronkan zehar hartzen diren irudiak aurkeztu ahalko dira bakarrik lehiaketara. Mendi astea, berriz, 2021eko urtarrilean egingo dute. Aurrerago emango dituzte xehetasunak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!