Iturburuko ortu ludikoak zabalik egongo dira, apirilaren 20tik aurrera

Aitziber Basauri 2020ko api. 17a, 17:00

Astelehenetik barikura zabalik egongo dira Iturburuko ortu ludikoak, apirilaren 20tik aurrera. Behar-beharrezko denboran baino ezingo da bertan egon, Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak errespetatuz, bai ibilbidean bai baratzean, udal arduradunek azaldu dutenez. EH Bilduk ortu ludikoak zabaltzeko eskaria egin zuen udalean, autokontsumorako baratzeen "berebiziko garrantzia" nabarmenduz.

COVID-19 birusaren eragindako osasun krisiaren harira, Iurretako Udalak
herriko hainbat espazio itxi zituen. Ortu ludikoak ere bai, Jaurlaritzako Osasun sailak ez zuen arren debekatu horien erabilera, konfinamenduaren lehen bi asteetan. Hala gogoratu du EH Bilduk ohar baten bitartez. Ortuen erabiltzaileak ez informatu izana ere kritikatu du.

Beti ere oinarrian lan profesionala bazegoen, ortuko lana baimenduta zegoela azaldu zuen Jaurlaritzak konfinamenduaren bigarren hamabostaldia hasita, EH Bilduk gogoratu duenez. Eta, orain, autokontsumorako ere baimendu du ortuko lana. Horren aurrean, EH Bilduk ortuak zabaltzeko eskaria egin zuen udalean. Nabarmendu dutenez,  "autokontsumoko baratzeen garrantzia berebizikoa delako krisi sasoi hauetan, eta supermerkatuetara joatea baino seguruagoa delako".

Segurtasun neurriekin

Behar-beharrezko denboran baino ezingo da ortu ludikoan egon, Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak errespetatuz, bai ibilbidean bai baratzean. Halaxe jakin eragin du Iurretako Udalak. Baimenduta dago produktuak biltzea, mantentze lanak egitea lurra erein eta landatzeko prestatzea, landaketa bera, ereintza, ureztatzea eta ongarria botatzea. Era berean, ezin da inolako ekitaldi edo ospakizunik egin ortuetako lursailean edo instalazioetan, nabarmendu dutenez.

Erabilera komuneko tresneria eta biltegia ez dira eskuragarri egongo. Beraz, erabiltzaile bakoitzak bere tresnak eraman beharko ditu.

Liher Aiartzaguena EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, ortu ludikoak, “entretenimendurako gune izateaz harago, garaiko, kalitatezko eta bertako produktu freskoak lortzeko espazioak ere badira. Ezin ukatu, gainera, eguneroko barazkiak eskuratzeko supermerkatura joatea baino seguruagoa dela ortura joatea, bai bezeroentzat eta baita bertako langileentzat ere, ortuak gune irekiak direlako eta segurtasun tarteak mantentzea errazagoa delako”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!