Iurreta Kultura bloga sortu dute kultura, kirola eta aisialdiko jarduerekin jarraitzeko

Aitziber Basauri 2020ko api. 15a, 11:38

Kultur etxe "birtual"  bat izan gura du Iurreta Kultura blog berriak. Hiru bloke nagusitan banatuta dago ataria, erabilera errazteko tutoretza txiki batekin atal bakoitzean. Kultura, kirola eta aisialdia, iurretarren errutinetatik ez desagertzea dute helburu, bultzatzaileek azaldu dutenez, eta "elkarrekiko harremanagaz jarraitzea". 

Iurretako Udalak eta kultur etxeko arduradunak elkarlanean jardun dute, ahal den neurrian, herritarrei zerbitzuak eskaintzen jarraitu ahal izateko. Modu horretan, "Iurretarrei bizi dugun egoera askoz atseginago egitea" dute helburu, azaldu dutenez. "Udalerriko bizilagun guztiengana heldugura dute", udal iturriek gaineratu dutenez.

Kultur etxean egindako kultur ikastaroak eta jarduerak batzen ditu lehenengo blokeak. Bigarrenak, bibliotekak antolatutako tailer eta jarduerak. Guztiak online jarraitzeko aukera eskaintzen du blog berriak, "tutorialak, zuzeneko eskolak eta material osagarriak erabilita", argitu dutenez. "Azken horiek orain arte parte hartu ez duten eta konfinamendu-aldi honetan diziplinara hurbiltzeko gogoa dutenentzat izango dira". Euskarazko, ingelesezko eta frantsesezko mintzapraktika taldeek ere jarraituko dute, online eskolen bidez.

Hirugarren atalean, askotariko disziplinekin lotutako gomendioak batu dituzte, familiei zuzenduta bereziki. "Denbora honetan sortzen joango diren ekimen edo erronka berriak ere" batuko dituzte. Besteak beste, Egonaldiari klik! . Udalagaz edo kultur etxeagaz hartu emanean jartzeko, zalantzak  argitzeko eta proposamenak egiteko atal berezi bat ere izango du Iurreta Kultura blogak.

Bestalde, gogoratu dute, Etxegok online jarduera berri eta dibertigarriekin jarraitzen duela, hala nola, bingoa, lehiaketak, jolasak eta abar.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!