“Ez dut ulertzen gizakiok zergaitik ez duzuen lana eteten eta elkar zaintzen”

Ekaitz Herrera 2020ko api. 3a, 17:00

Eñaut Aiartzaguena marrazkilari iurretarraren laguna da Otso. Badira sei bat urte Aiartzaguenak bere burua komikietako pertsonaia bihurtu eta 'Irribarrez' izeneko proiektuari ekin zionetik. Besteak beste, izen bereko sare sozialetan egin ohi ditu argitalpenak. Azkenaldian, Otso pertsonaiagaz lagunduta ageri da Aiartzaguena. Irailean opari lez jasotako peluxezko otsoari bizia eman dio komikietan. Otsok erantzun die ANBOTOren galderei.

Elkarrizketagaz hasi aurretik, doluminak. Oraintsu Albert Uderzo hil da, Asterixen eta Obelixen irudigilea. Zer moduz daude galiarrak?
Idefixegaz berba egin nuen lehengoan, Skype bidez. Gure ama zenaren lehengusu txikia da. Gogorra izan dela dio, marrazkilari erreferente handi bat joan zaigu, baina Asterixegaz eta Obelixegaz beste abentura batzuk bizitzeko gogoz jarraitzen dute oraindino galiarrek. Obelixentzat izan da gogorrena, sentikorrena bera da-eta. Idefix eta Asterix bera zaintzen daude. Irtengo dute aurrera!

Egun hauek "ez dira betiko garai onenak". Gu gizaki hutsak gara, baina zelan bizi du konfinamendua otso batek?
Gogorra da etxetik ezin irtetea. Nik, gainera, badakit komuna erabiltzen, eta, beraz, ezin aitzakia hori erabili. #ZaldaiMendiErronka2020 egiten hasita nengoen Eñautegaz batera eta dagoeneko eginda ditut bospasei tontor. Mendia maite dugunoi gogorra egiten zaigu lau hormaren artean bizitzea, baina Eñautek bere sormena kutsatu dit eta hemen ari naiz orain proiektu berriak sortzen.

Larritzen zaitu egoerak? Zerk kentzen dizu loa?
Ez dut lo egiteko arazorik izaten, ez bada Azeri gainera erortzen zaigula. Berak ohe gaineko komikien alboan lo egiten du. Hala ere, kezkagarria da egoera; ez dut ulertzen gizakiok zergaitik ez duzuen lana eteten eta elkar zaintzen, bizitzeko behar-beharrezkoa dena soilik egiten. Animalia guztiok poz-pozik eta lasai bizi gara; zuek ez, ez dut ulertzen.

Egun hauetan orduak eta orduak Eñaut zure lagunagaz pasatzen dituzu. Zelakoa da zuen elkarbizitza?
Eñauten gurasoekin bizi gara eta horrek erraztu egiten ditu gauzak. Eñautek afariren bat prestatzen du tarteka, baina ezer gutxi gehiago. Bestela, egunean zehar lanean ari da normal-normal, marraztu eta marraztu. Kontua da ordu luzeetan egoten dela logela barruan marrazten, eta mila buelta ematen dizkiola buruari. Batekoagatik edo bestekoagatik, batzuetan tristetu egiten da eta bera zaintzea da nire lana, batez ere, eta irribarrea itzularaztea. Oso ondo konpontzen gara elkarregaz.

Hartzen al ditu babes neurriak Eñautek?
Egun hauetan ez du etxetik ia irten ere egin, eta zeozertara irten behar badu, garbitzen ditu eskuak, bai. Dena dela, badakizu, marrazkilari baten eskuak sekula ere ez dira garbi-garbi egoten. Gustatzen zaizkit margo arrasto horiek! Gora sormena eta koloreak!

Zer egiten duzue etxean aspertuta zaudetenean?
Sare sozialen bitartez, Dimako Dimesten herri mugimenduko lagunei jarraitzen diegu. Konfinamenduko egun hauetan, proposamen bat kaleratzen dute egunero, 10:00etan, eta aspertzen garenean erronka horiek betetzen ahalegintzen gara. Errezetak, dantzak, jolasak,… erronka ederrak dira gero!

Zure argitalpen propioak egin dituzula ikusi dugu egunotan: "Otsoren denborapasa koadernoa". Zer eskaintzen duzu bertan?
Inguruko familietako haurrentzat zerbait sortzea bururatu zitzaidan. Horrela sortu zen “Otsoren denborapasa koadernoa”. Oso harrera ona izan zuen eta nire marrazkiak koloreztatzen zebiltzan umeen lanen argazkiak ere jaso nituen. Ilusio itzela egin zidan eta koaderno gehiago sortzen hasi nintzen.

Zerbait esan gura zenieke ANBOTOren irakurleei?
Denei besarkada estu bana bidali gura nieke. Irtengo dugu honetatik ere! Baina, bitartean, zuen etxeetan ere baditut lagun asko eta asko: hartzak, elefanteak, katuak… Eurak ere desiratzen daude zuek zaindu eta zuekin jolasteko. Badakizue, beraz: sormena, umorea eta jolasa, horixe da bidea!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!