Orain arte kirofanoan lanean ibili zaren arren, zainketa intentsiboko unitatera pasatu zaituzte.
Bai, hala da. Ni lanean nabilen ospitalean kirofanorik gehienak itxi dituzte, aldi baterako. Momentu honetan zabalik daudenak urgentzietarako eta paziente onkologikoentzat bakarrik daude zabalik eta kirofanoan lanean ibili garen langileak ZIUra bideratu gaituzte. Hemen lan asko dago eta nahiko justutxo gabiltza.
Zelako egoera bizi duzue ospitalean?
Birusa berria denez, egoera ere berria da. Ematen du inork ez dakiela zelan mugitu, gauzak zelan egin. Badirudi gauzak ikusten goazen heinean prestatzen dituztela protokoloak. Nire ustez, hau guzti hau apur bat kaotikoa da. Gainera, ez dakit egia guztia kontatzen diguten birus honi buruz.
Zelan zabiltzate lanean?
Oraingoz txandak mantentzen dituzte, baina esan digute beharbada aldaketaren bat egingo digutela, norbera babesteko ekipamedu faltagatik. ZIU bakoitza isolatuta dugu, eta, beraz, bertara sartzen garenean ekipo guztiagaz sartzen gara.Txanda erdian, kanpoan dauden lankideekin aldaketa egiten dugu. Goizez edo arratsaldez gaudenean 7 orduko lanordua izaten dugu; beraz, hiru ordu eta erdi egiten ditugu ZIU barruan, ekipo guztia jantzita. Gauetan, ostera, aldaketak bost orduro egiten dira. Arazoa da babes-ekipamendu askorik ez daukagula. Beraz, zenbat eta txanda aldaketa gehiago egin, materiala arinago amaituko zaigu. Txanda aldaketak murriztea aztertzen dabiltza.
Horrek zelan eragiten dizue?
Behin barruan gaudenean ezin dugu kanpora irten, komunera ere ezin gara joan. Gainera, ekipoak beroa ematen du, nahiko itogarria da eta horrek zorabioak ere ekarri ditzake. Horrez gainera, paziente berriak jasotzen gabiltza, etenik barik, eta horiek ere artatu behar ditugu. Oso estresagarria da.
Material falta duzue orduan?
Oraingoz, guk badaukagu babeserako materiala. Hala ere, askorik ez dagoela-eta, maskarilla espezifiko batzuk berrerabiltzen hasi beharko dugula esan digute.
Zelako egoera duzue Zaragozan?
Hemen oraindino ez gara muturrera heldu, eta oraingoz badago lekua ospitaleetan. Gure ospitalean, esaterako, ZIUn 34 ohe ditugu eta une honetan 17 bat paziente ditugu koronabirus kasuekin. Kontua da egunero pare bat gaixo gehiago izaten dugula, eta bakoitzak 20tik 25 egunera behar dituela osatzeko ospitalean. Horrek apurka-apurka dena kolapsatzea ekarri dezake. Dena dela, beste ospitale asko lez, gurea ere moldatu egin da leku gehiago izateko eta gaixo gehiago hartzeko. Hala ere, oso garrantzitsua da jendea lasaitzea eta bakoitza bere etxean gelditzea.