Zerga-prozeduren eta diru-bilketaren epeak bertan behera utzi ditu Iurretako Udalak

Anboto 2020ko mar. 24a, 17:00

Iurretako Udalak bertan behera utzi ditu zergen, tasen eta zuzenbide publikoko beste diru-sarrera batzuen ordainketa-epeak, apirilaren 30era arte, COVID-19 koronabirusak eragindako osasun-egoerari aurre egiteko. Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu  duenez, "behin alarma egoera amaitu ondoren, ordainpeko kartak helaraziko dira helbideetara, ordainketa epe berriekin".

Bestalde, berraztertzeko errekurtsoak aurkezteko epeak eta administrazio-erreklamazio administratiboak ere bertan behera gelditu dira, azaldu dutenez. Zerga-erroldaren onarpena atzeratu egingo da.

Larrialdi egoera honen barruan hartutako neurriak gogoratu ditu Iurretako Udalak, ohar batean. Udal azpiegitura guztiak itxi dituzte; haur-parkeak eta ikastetxe-patioak ere bai. Hartara, Herritarren Arretarako Zerbitzua bakarrik dago zabalik, premiazko kasuetarako bakarrik eta aldez aurretik hitzordua eskatuta.

Lanaldiak egokitu dituzte

Udaletxeko langileei dagokionez,  lanaldia %50ean murriztea, malgutasun osoa ematea eta fitxaketa beharrik ez izatea erabaki dute. Telelana inplementatu da eta departamentu bakoitzeko lan taldea txanda presentzialetan zatitu da,langileen presentzia behar-beharrezkoa den horretarako mugatzeko, beti ere gomendatutako segurtasun-neurriekin. Udaltzaingoan bakarrik ez dira neurriok bete.

Durangaldeko Mankomunitateko gizarte-zerbitzuekin eta adineko pertsonen zerbitzuarekin batera, ahultasun-egoeran egon daitezkeen pertsonei laguntzeko protokoloa ezarri da, eta, kale-garbiketako zerbitzua garrantzi berezia duten gune eta puntuak desinfektatzen ari dira, udaleko brigadarekin batera.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!