Zein neurritan da garrantzitsua isiltasunari amaiera ematea genero biolentziari aurre egiteko?
Funtsezkoa da. Salatzen ez denari "biolentzia isila" deitzen zaio arlo juridikoan, eta ezin da aztertu. Bai, ostera, badakiguna, heldu zaiguna, eta horretan asko egin genezake. Inportantea da isiltasuna apurtzea errealitate honetaz berba egiteko, eta berriro biktimizatu barik esku-hartzeko testuinguru bat sortzeko. Funtsezkoa da isiltasuna apurtzen duenak arrakasta izatea, maila pertsonal eta profesionalean, biktimak salatzera animatu daitezen. Bestela, ez dugu isiltasuna amaituko.
Unibertsitatean jazarpen sexuala jasandakoa zara. Zelan hasi zen dena?
Karrerako lehenengo kurtsoan hasi zen, eskolan komentarioak eginez, eduki jazarlea zuten e-mailak bidalita, elkartzeko presionatuz, bere etxera joateko gonbidatuz, eta itxura fisikoari eta eskolako aurkezpenei buruzko komentarioak eginez; azken hori notan eta karrera akademikoan berak duen boterea aditzera emanez. Gero ere jarraitu zuen, masterra hasi nuenean.
Izan ziren biktima gehiago? Uste baino gehiago gertatzen den egoera da?
Askoz gehiago izan ziren. Irakasle honek 29 urte eman zituen, urtero, 4-5 ikasle jazartzen. AEBetako Justizia Sailaren arabera, arlo akademikoan emandako jazarpen sexualen kasuak %88ra heltzen dira, eta pentsa liteke askoz kasu gehiago daudela. Unibertsitateetako mekanismo informalek, berdinen arteko laguntza sareak bezalakoek, hori baieztatzen dute: ofizialki jakitera ematen diren edo salatzen diren baino askoz kasu gehiago jasotzen dituzte. Insituzioarekiko konfiantza ezak oso zaila egiten du erabakia hartzea.
Zaila egin zitzaizun pausoa ematea?
Bai, are gehiago salatutako lehenengo kasuaren biktima izanik. Zortea izan nuen katedratiko batek, Ramón Flechak, nire ordez salatzea onartu zuelako. Ni ausartzen ez nintzena egitera ausartu zen, unibertsitatean isiltasuna apurtzeagatik eta biktimekin solidario agertzeagatik, berak eta bere ikerketa taldeak (CREA) urteetan jasandako ondorio kaltegarri guztien gainetik. Ausardia handiagaz eta babes oso garrantzitsuagaz baino ezin liteke egin.
Berriro biktimizatzea da salaketa ipintzearen ondoriorik latzena?
Bai, berriro biktimizatzea eta biktimen alde ipintzen direnek sufritzen duten bigarren mailako jazarpen hori. Biktimen eta hauek babesten dituzten pertsonen kontrako errepresaliak oso gogorrak dira; batzuetan, seme-alaben kontrakoak. Unibertsitateak botere handia du eta lotura du kazetariekin eta justiziagaz lotutako pertsonekin.
Hala ere, beharrezko da salatzea.
Bai, salatzea, isiltasuna apurtzea, denok batera joatea. Beharrezkoa da nazioartean bystander intervention lez ezagutzen dena: kasu baten berri izan duen edo jazarpena ikusi duen pertsona ororen esku hartzea. Frogatuta dago prebentzio eta esku-hartze mekanismorik eraginkorrena dela hori.
Irakasle batzuen botereak isiltasunaren legeari laguntzen dio?
Jazarri egiten duten irakasleak oso boteretsuak dira, eta babestu egiten dituen botere egitura batean daude. Jazartzen uzten diete. Unibertsitatean jakina da irakasle batzuk jazarleak direla, eta inpunitate horretan babestuta, jazartzen jarraitzen dute. Hori da aldatzen gabiltzana.
Ikaslearen etorkizun akademiko eta profesionala dute euren eskuan.
Irakasle hauek duten boterea izugarria da eta biktima oso egoera ahulean ipintzen du. Babesa behar dute, jazarpen sexualaren kontrako eta biktimari elkartasuna erakutsiko dion jarrera duen boteredun babesa.
Zein izan beharko litzateke instituzioaren jarrera?
Biktima orori babesa agertu beharko lioke, eta jazarpenaren aurkako jarrera argia hartu. Prebentziotik hasita. Biolentziarik gabeko unibertsitate aske baterako instituzioen konpromisoak eramango gaitu etorkizunean akademia zientifiko eta etiko bat izatera, gure alaba eta ilobek jazarpenik barik ikasi eta lan egiteko aukera izan dezaten.