Jon Onaindia abadea hil da

Anboto 2019ko aza. 5a, 09:24

24 urtean Iurretako abade izan zen, eta 2012an jubilatu zen. 87 urtegaz hil da.

Omenaldia egin zioten elizak eta herriak Jon Onaindia abadeari duela zazpi urte. Jubilazioaren harira ANBOTOk abadea elkarrizketatu zuen. "Estimatzen naute eta ondo konpontzen naiz denekin. Oso herrikoia naiz, nire izakera da: zerbitzatzera etorri nintzen, ez zerbitzatua izatera", azaldu zuen Onaindiak.

Antton Mari Aldekoa-Otalorak dioenez, Onaindiak jendearenganako "hurbiltasuna" zuen. "Txutxu-mutxu eta kritiketatik ihes egiten zuen. Bere aurrean ahalegintzen zen inor inoren bizitzan ez sartzeaz", dio Aldekoa-Otalorak.

Markinan jaio eta Azkainen bizi izan zen. Gerra Zibilaren ondorioz Iparraldera ihes egin zuen, La Habana itsasontzian. Gerrako umea izan zen. Azkainen bizi izan zen. "Gasteizko seminarioan nengoela ere (1946-1956), muga pasatzen nuen oporretan, mendietatik; mugalari nintzen", gogoratu zuen abadeak.

Ekuadorren ere egon zen Onaindia 1966-1972 urteen artean. "Hangoa beste mundu bat da. Oso gustura egon arren, Euskal Herrira etorri gura nuen. Ez nuen galdu gura hemengo trena, gertatzen ari zena", zioen Onaindiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!